MUNDU guztia dago Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hauteskundeei begira, lehen potentziatzat hartzen denaren gidaritza hartuko duenaren aldarteak baldintzatu dezakeelako munduaren geroa datozen urteetan. Inguruabar horretan, hasiera batean pizturiko itxaropenak ahalbidetu zuen Nobel saria Obama presidenteari ematea, nahiz eta zortzi urteetako ibilbideak erakutsi duen halakorik jasotzeko meritu nahikorik ez duela pilatu, mundua ez baita sasoi batekoa baino seguruagoa. Jarrera irmo eta eragingarriagoa behar zen lurralde aberatsenak barruratzen dituen desoreka sozialei aurre egin ahal izateko, klima aldaketari aurre egingo dioten erabakietan ai-tzindari bilakatzeko, nonahi barreiaturik dauden gatazkei irtenbide duina emateko eta abar. Hasieran sorrarazitako ilusioak frustrazioa eragin du boto-emaile demokraten aurrean... eta orain, aukera txar ala are eskasago baten artean hautatu beharrean aurkitzen dira.
Inkestek H. Clintonen aldeko abantaila iragartzen dute. Nolanahi ere, datu hau tentu handiz hartzekoa da. Batetik, inkestak kanpainen osagai bihurtu direlako, gero eta gehiago, boto-emaile batzuk uzkurtuz eta beste batzuk animatuz. Bestetik, AEBetako sisteman botoetan irabaztea baina presidente izateko, aldiz, nahikoa babes ez izatea gertagarria da. Lehenago ere gertatu da hori, esate baterako Al Gore eta Bushen arteko lehia suertatu zenean -Bushen anaiak gobernatzen zuen Floridako estatuan boto kontaketan gertatu zirenak gogoan hartzekoak dira-. Izan ere, AEBetako hautesleek ez dute presidentea zuzenean aukeratzen. Aitzitik, estatu bakoitzean boto gehien eskura-tzen duenak estatu horrek presidentea aukeratzeko bidaltzen dituen ordezkari guztiak jaso-tzen ditu, presidentea aukera-tzeko sistema ez baita propor-tzionala.
D. J. Trumpen irudi jakin bat iritsi zaigu, gehiegikeriez orbaindutakoa... baina ez dakit horrek AEBetako boto-emaileen artean nora arteko kontrakotasuna eragiten duen... ez dakit jarrera horrek orain arte botoa ematera animatzen ez zen gizartearen zati bat mobilizatzera ez den iritsiko, kalkulaturiko estrategia baten emaitza ez den. Milioka lanpostu sorraraztea, zergak jaistea, migratzaileei hesiak jartzea -honakoa ere ez da berria Europan, ikusi bestela Britania Handiko lehen ministroak iragarri dituenak-, AEBek ekoitzitako produktuak babesteko neurriak hartzea eta abar helduleku zirraragarriak baitira Amerika amerikarrentzat dela sinesten dutenen artean. Ez dakit gure begiokin, gure parametroen arabera, AEBetan gertatzen dena ulertzeko gauza garen.
Edozein eratara, bihar irratiak, telebista-saioak, sare-sozialak eta egunkariak AEBei begira egonen dira. Ondo bidez, bihar jakingo delako presidente izendatzeko babes gehien zeinek eskuratu duen... bihar jakinen da, halaber, Ganbera legegileen osaera ere zein den, azken hau ere erabakigarria izango baita presidente berriak abian jarri nahi dituen politikak sostenga-tzeko edo galgatzeko orduan... bihartik aurrera ikusiko da AEBek zilborrari, mundua mendean izaten jarraitzeko bainoago, harago begiratzeko gauza den!
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">