PSOEren goi organoek PPren gobernuari ateak irekitzeko hartutako erabakiaren ondoren, egongo da arropak urratu eta alderdi honi erantzukizun guztia leporatuko dionik. Nolanahi ere, zetorrenaren zantzuak askozaz lehenago antzeman zitezkeen. Alderdi honen barrutik, Podemos eta haren sokakoekin, bai eta alderdi abertzaleekin ere hasieratik akordio batera iristearen kontra lanean aritu dira-eta. Era berean, Podemos alderdiak berak ere ez ditu gauzak erraz jarri. Hegemonia lortzeko borroka lehenetsi du eta harrigarriak izan diren proposamenak eta adierazpenak egin ditu. Kontua da ezkerreko alderdiek ez dutela PPren aldizkatzea hezurmamitzeko gaitasunik erakutsi. Beraz, gizartearen aurrean, biena da erantzukizuna... porrota, maila sendoagoan ala apalagoan.
Datorrenari aurre hartu nahi dio Podemos alderdiak dituen helburuak Parlamentuan lortzeko ezintasuna antzeman eta lehentasuna kaleko dinamikari eman nahi dionean... arrisku handikoa da estrategia hori, gizartea zartatzea eta etengabe muturka jar-tzea ekar ditzakeelako, gizarte-giroa zailduz. Halako gizarte-ingeniaritza baliatuz gidaritza bilatzen dutenek ohartu beharko lukete zein erraza den zailtasunak bizi dituztenen artean sua piztea eta hauspotzea eta, zein zaila, indarra hartuz joango den sutea kontrolatzea. Jada ikusten ari gara estrategia horren zenbait adibide.
Azkenean PPk lortu du berearekin ateratzea, emaitza kaxkarren gainetik, ustelkeriaren azpitik eta gobernatzeko izan duen jardunaren albotik. Gainerakoak lapikoan nola egosten diren ikustera mugatu da. Ezkerreko alderdiak inoiz baino ahulago ikusten ditu, egiazko aukera gorpuztu zezaketenean. Igandean hartu duen erabakiarekin, PSOEk hirugarren hauteskundeak ekidin nahi ditu baina hirugarren hauteskunde horiek gertatuko dira PP alderdiari ondo datozkionean. Gauzak horrela, oinarrizko edukietan, jarreretan PP aldatuko den ikuskizun dago. Izan ere, gainerako alderdiak dira hautetson-tzien emaitzen beldur direnak. Ondorioz, zartaginaren kirtena bere esku geratu da. Behin eta berriz ikusiko dugu alderdien arteko sokatira... eta hauteskundeetara deitzeko ezpataren mehatxua, galtzaile atera diren ezkerreko alderdiek ahalik gehien atzeratzea bilatuko dutena.
Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskadin Gobernu sendoa eta irekia eratzea. Gizarte politiketan sakontzeko aukerak daudela erakusteko gauza izango dena, autogobernua eguneratzearekin konprometitua eta herritarren, bereziki zailtasun handienak dituztenen, bidaidea bilakatuko dena. Horiexek direlako gure herri eta gizartea indartzeko ditugun makulurik sendoenak. Nago, Euskadi eta Kataluniarekiko jarrera aldaketa esanguratsurik ezin dezakegula espero, ez behin-tzat PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien eskutik datorkeenik.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">