Askotan, futbola ez da justua izaten eta emai-tzak ez dau erakusten futbol zelaian jazotakoa. Athleticek partidu handia egin eban Santiago Bernabeun baina zuri-gorrien lan bikainak ez eban saririk jaso eta esku hutsik itzuli ziren Bilbora. Hasierako hamaikakoan jokalari garrantzitsu asko falta arren, Ernesto Valverderen taldea ez zen aurkaria baino gitxiago izan. Bilbotarrek, baina, ez eben asmatu Real Madriden ate aurrean eta aukera bikaina galdu eben hiru puntuak eskuratzeko Europako txapeldunaren zelaian. Edozelan be, eta emaitza alde batera itzita, Athleticek itxuraldaketa itzela euki eban eta ez eban antzik izan egun batzuk aurrerago Europa Leaguen partidu negargarria jokatu eban taldeagaz.

Norgehiagoka amaitu ostean Mikel Ricok esan eban partiduaren ondarrean jasotako gol bategaitik galtzea 5-0 galtzea baino gogorragoa dela. Lojikoa da zuri-gorriak minduta egotea bardinketea esku-eskuan euki ebelako baina ez nator bat Arrigorriagako jokalariaren hausnarketeagaz. Beti esaten dogu porrot guztiak ez direla bardinak. Batzuk beste ba-tzuk baino min gehiago egiten dabe. Athleticek galdu egin eban Bernabeun, bai, baina hiru puntu barik itzuli arren zuri-gorriek maila itzela erakutsi eben eta euren buruari erakutsi eutsoen edozein aurkarigaz eta edonon lehiatzeko gauza direla. Ez da ahaztu behar nondik etorren Valverderen taldea Bernabeun jokatu aurretik, Europa Leagueko hirugarren jardunaldian partidu negargarria egitetik hain zuzen be. Beñat, Aduriz, De Marcos, Yeray eta Balenziaga barik, Lekue, Eraso, Sabin Merino eta enparauek estutu egin eben Europako Txapelduna. Emaitzak emaitza, Santiago Bernabeun erakutsi eban jarrerea da Athletic zaleok gure taldeari eskatzen deutsoguna. Nortasuna, bihotza, indarra. Horixe da gure estiloa. Aztertzekoa da zelan aldatu daitekeen hainbeste talde bat hiru egunen barruan.

Santiago Bernabeuko partiduaren atarian aitortu behar dot ez neutsola aukera handirik emoten Athletici. Alde batetik, bost titular barik ekin eutson Valverdek norgehiagokari, denboraldi honetan minutu gitxi jokatu dabezan gizonak zelairatuta. Ganera, taldea Europa Leaguen partidu makala egitetik etorren eta hori gitxi balitz, Santiago Bernabeuko estatistikak negargarriak dira azken urteetan. Hasierako ezkortasun hori biderkatu egin zen zazpigarren minuturako etxeko taldeak lehen gola sartu ebanean. Zaparradea etorrela emoten eban. Hortik aurrera, ostera, Athleticek erakustaldi ederra emon euskun. Ernesto Valverdek zelairatu ebazan gizonek ez eben amore emon Benzemaren golaren ostean eta partidua bardintzeaz ganera, markagailuan aurretik ipinteko aukerak euki ebezan. Santiago Bernabeun irabazteko garbi dago eraginkortasun handia erakutsi behar dala etxeko taldearen ate aurrean eta gol aukerak baliatu egin behar dirala. Sabin Merino eta batez be Iñaki Williamsek aukera garbiak euki ebezan baina ez eben asmatu Keylor Navasen ate aurrean. Merengeek, ostera, gol bi sartu ebezan Athleticek baino aukera gitxiago izan arren. Horrelakoa da futbola. Oso sinplea.

Talde guztiaren lana bikaina izan bazan be, aitamen berezia merezi dau aspaldian jokatu barik egon eta Bernabeun hasieratik zelairatu zirrn gizonek erakutsitako mailak. Iñigo Lekuek, Jabi Erasok, Xabi Etxeitak, Mikel Ricok eta Sabin Merinok ederto baliatu eben entrenatzaileak emondako aukerea. Lekueren kasuan, ganera, goitik behera garbitu eban Genk-en aurka emon eban itxura makala.

Liga txapelketako bederatzi jardunaldi jokatuta, Athleticek sailkapeneko seigarren postuari eusten deutso Bernabeun galdu arren eta etxean jokatuko dau hurrengo partidua. Aste honetan, ez dago Europa mailako lehiaketarik eta Aduriz, Beñat, De Marcos, Eneko Boveda, Kepa eta Laporte errekuperatzeko aukerea eukiko dau Valverdek domekako Osasunaren aurkako euskal derbira begira.