EDERTO berrekin deutso Athleticek liga txapelketeari denboraldiko bosgarren garaipena eskuratuta. Eta joko bikaina erakutsita ganera urteko lehen euskal derbian. Ernesto Valverdek ondorio positibo ugari atara leikez Realaren aurka jokatu eta irabazitako partidutik: Beste hiru puntu eskuratuta, taldeak sailkapeneko goialdean jarrai-tzen dau eta dinamika positiboari eusten deutso. Markagailuan atzetik joan arren, zuri-gorriek ez eben amore emon eta sekulako indarra erakutsi eben garaipena eskuratzeko. Ganera, Muniain eta Iturraspek, aspaldian hasierako hamaikakoan sartu barik egozan jokalariek, itzel jokatu eben. Kontuak kontu, partidu biribila izan zen Realaren aurka jokatutakoa, nagusitasun osoz irabazitakoa eta aspaldiko urteetako ederrena. Barriro be garbi geratu da estatistikak aurretik gertatutakoaren laburpena baino ez direla.

Aurretik jokatutako zortzi derbietan garaipenik lortu ez izanak eragindako zameagaz ekin eutson Athleticek Realaren aurkako partiduari. Norgehiagoka jokatu aurreko egunetan behin eta barriro entzun genduan ez dakit noiztik egoala talde zuri-gorria auzokoari irabazi barik. Ganera, Valverdek berak be ez ekian zelan jokatuko eban taldeak Beñat Etxebarria barik. Izan be, lehen aldiz jokatu eban taldeak arratiarra barik.

Eta hamabosgarren minutuan Zurutuzak gola sartu ebanean, bolada txar horren mamua agertu zan San Mamesetik, aurretik minutu asko geratu arren. Ernesto Valverderen taldeak, ostera, ez eban amore emon eta apurka apurka aurkaria menderatzen hasi zen. Gol aukera garbiak izan arren, markagailuan atzetik zirela hartu eben zuri-gorriek aldageletarako bidea. 0-1eko emaitzak ez eban inondik eta inora erakusten zelaian ordura arte gertatutakoa. Futbolean, baina, sarritan jazoten da hori. Eraginkortasun kontuak.

Bigarren zatian, zuri-gorrien erauntsiak ez eban etenik izan eta seigarren minuturako Muniainek bardinketaren gola sartu eban sarritan egiten dauen jokaldiari amaiera bikaina emonda. Ordurako, talde bakarra egoan zelaian. Athleticeko jokalariek ito egin ebezan aurkariak eta eraginkor agertu ziran Rulliren ate aurrean. Hiru gol bakarrik jaso ebazan atezain argentinarrak baina Valverderen gizonek beste horrenbeste sartzeko aukerak euki ebezan. Partidu amaierako 3-2koak ez dau inondik eta inora erakusten zelaian lehiatu ziren talde bien arteko aldea. Athletic goitik behera nagusitu jakon ia partidu osoan ezinean ibili zen Realari. Zuri-urdinen entrena-tzaileak berak be onartu egin eban aurkariaren nagusitasuna.

Ez da erreza Athleticeko jokalariren baten lana azpimarratzea besteen ganetik, guztiak maila onean ibili zirealako. Edozelan be, Iker Muniainek aspaldiko partidurik onena jokatu eban. Valverdek hasieratik jokatzeko aukerea emon eutson eta Txantreakoak ederto erantzun eutson entrenatzaileak emondako konfiantzeari. Albiste bikaina da Muniain maila onean ikustea. Ander Iturraspek azterketa gatxa euki eban, Beñat ordezkatu behar eban-eta. Abadiñokoak oso partidu serioa jokatu eban erasoan zein defentsan eta barriro erakutsi eban aurtengo Iturraspek ez daukala zerikusirik aurreko denboraldian kili-kolo ibili zen jokalariagaz. Iñaki Williams be gero eta hobeto dabil eta min egin eutsoan Realari bere eskuineko hegaletik. Yeray gazteak titulartasuna eskuratu dau eta holan jarraitu ezkero ez dot uste galduko dauenik. Laporte oso serio dabil, zaratarik egin barik. Eta zer esan Aduriz edo Raul Garciaren ganean. Kontuak kontu, partidu biribila Athleticentzat.

Eta derbiko irudirik politenetakoa, Bixio Gorriz eta Andoni Goikoetxearen arteko besarkadea kazetarion harmailetan.