Urriaren 7an, ostiralean, bete dira laurogei urte Jose Antonio Agirrek lehendakari karguari zin egin zionetik, faxisten altxamenduaren aurretik ondutako estatutua Valentzian, urriaren batean, Espainiako Parlamentuak onartu eta egun gutxitara, hain zuzen. Ikaragarria da sasoi zail eta ilunetan Agirre lehendakariak erakutsi zuen kemena, bai eta herri honi eta ordezka-tzen zuen alderdiari erakutsi zion leialtasuna ere. Nolanahi ere den, beste hari-mutur bati heldu nahi nioke oraingo honetan. Izan ere, estatutuarekin batera euskarak ofizialtasuna erdietsi baitzuen gure herriaren historian lehenengo aldiz.
Bistan da gure hizkuntzari emaniko aitortzak XIX. eta XX. mendeetan euskara bizirik irautea bilatzen zuen kezka eta aldarrikapenarekin bat egiten zuena. Gogora ekartzea komeni da XIX. mendean ugariak zirela euskarak mende horren bukaerara iristea iritsiko ez zela iragartzera iritsi zirenak. Inguruabar horretan, Sabino Aranak Hendaian, 1901eko irailaren 16an, euskara bere onera etor zedin bi baldintza azpimarratu zituen. Batetik, bere lurraldearen barruan bizitzarako beharrezko egitea, lagunarte handian zein txikian. Bestetik, beharrizan horiek beroriek asebetetzeko gai bilakatu beharra. Lehenbizikoa gauzatzearen ezintasunaz aritu zen XX. mendearen hasieran abertzaleek botere politikorik ez baitzuten. Ondorioz, bigarrena lantzearen egokitasuna eta premia larria aldarrikatu zituen, ortografia bateratu ahal izateko, proposamen bat aurkeztuz.
Abertzaleek 1917. urtean eskuratuko zuten Bizkaiko lurraldearen gidaritza, 1917ko martxoaren 11n Bizkaiko Diputaziorako deituriko hauteskundeak Ramon de la Sota Aburto jeltzaleak irabazi eta gero. Honek, erakundea indarberri-tzeko, euskara eta euskal kultura babesteko eta, abertzaletasunaren helburu politikoak defendatzeko, egitasmoa zehaztu zuen. Bigarren jardun-eremuan hiru habe azpimarratu daitezke: auzo eskolen sorrera, Euskal Kulturaren Batzordearen eratzea eta euskararen erabilera sustatzea. Horren ondorioz, lehenengo Bizkaian eta, ondoren, Gipuzkoan, gaztelaniaz emandako agiri ofizial zein bestelako xedapenak euskaraz ematen hasiko ziren. Ez hori bakarrik, euskara eguneroko beharrizanetarako gaitzeko, Euskaltzaindia sortu aurreko urrats sendoak 1917ko udazkenean emango ziren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluaren eskutik... baina handik urte gutxitara Espainiako ezegonkortasunak, bai eta aldian-aldian gertaturiko altxamenduek ere, euskarari bidea moztuko zioten.
Lizardi, Orixe, Azkue, Lauaxeta, Campion... ugariak izan ziren Estatutua onartu aurretik euskarari eutsi eta pizkundea ahalbidetu zutenak... baina ofizialtasuna ere behar zuen gure hizkuntzak. 1936ko estatutuaren bidez gertatuko zen hori... matxinoek Euskadi erabat mendean hartu zutenean, ordea, euskara eta euskal kulturatzentzat gau-iluna eta luzea etorriko zen. 1956ko irailaren 23tik urriaren 1era, estatutua onartu eta hogei urte beranduago, deituriko Lehen Mundu Biltzarrean, Jose Antonio Agirre lehendakariak euskararen alde adierazpen gogoangarriak egin zituen. Euskara behar zen jagon, ikasi, munduan zehar zabaldu. Biltzarraren ondorioz, Euskal Kulturaren Alde izeneko batzordea eratuko zen, euskal kulturaren sustapenak eta euskara babesteko programa eraginkor bat lantzeak lehentasuna hartuz. Barandiaran, Leizaola, Monzon, Nardiz, Solaun eta Zaitegi izan ziren batzorde horretako kideak... nago asko zor diegula joan zirenei ahaztuxe eta behar beste aitortzen ez badiegu ere.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">