liga txapelketan izandako atsedenaldia ederto etorri jako Ernesto Valverderen taldeari. Zuri-gorriek partidu asko jokatu ebezan egun gitxiren barruan eta taldeko jokalari garrantzitsuenek minutu asko pilatu ebezan hanketan, besteak beste, entrenatzaileak ez eutselako atsedenik hartzeko aukerarik emon. Lehiaketara itzultzeko ordua heldu da eta ekipoko jokalari garrantzitsuenetako batek -garrantzitsuena ez bada-, Beñat Etxebarriak, arazo fisikoak ditu. Ez dakigu domekan jokatzeko moduan egongo dan ala ez, baina holan ez balitz, hutsune handia izango litzateke talde zuri-gorriarentzat. Izan be, arratiarra titular izan da Athleticek denboraldi honetan jokatu dituen bederatzi partiduetan. Egia esateko, ez dakigu zelan jokatuko dauen taldeak Beñat barik. Beste patroi bat beharko dabe zuri-gorriek zelai erdian eta Iturrasperena ez da aukera txarra.

Sailkapeneko seigarren postutik berrekingo deutso Athleticek Liga txapelketari. Hamabi puntu euki arren, garbi dago Valverderen taldeak badaukala zer hobetu jokoan. “Askoz hobeto jokatu geinke” esan dau Raul Garciak egunkari honetan. Jokalariek, inork baino hobeto dakie zer egin leiken talde honek eta noraino iritsi daiteken. Raul Garcia, Aduriz eta enparauek badakie taldeak orain arte erakutsitako joko maila ez dala ona izan eta askoz hobeto jokatu leikela. Hobekuntza hori, hegaletatik iritsi behar da. Williams, Susaeta, Sabin Merino edota Munianek protagonismo gehiago euki behar dabe erasoko jokoan. Taldeak min egin behar deutso aurkariari hegaletatik eta orain arte barrutik jokatzen daben gizonen eskutik etorri dira garaipenak.

Eskertzekoa da Williams gazteak egindako autokritika. Badaki ez dabilela fin eta baloratu egiten dau entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzea. Iker Muniain haserre agertu da baten batzuk dinoelako emon beharrekoa emon dauela. Ba, bere eskuetan dago kontrakoa erakustea. Asko poztuko ginateke bere ekarpena egungoa baino askoz handiagoa balitz. Gaur gaurkoz, baina, Txantreakoak ez dauka ia protagonismorik taldean.

Partidu berezia jokatuko dabe zuri-gorriek domekan San Mamesen: Realaren aurkako derbia. Estadistikak dinosku, zuri-gorriek denboratxoa daroela talde gipuzkoarra menderatu ezinik. Esan beharrik ez dago txuri-urdinen motibazioa biderkatu egiten dala Athleticen aurka jokatzen dabenean. Urteko partidua da eurentzako. Alde horretatik, Valverderen gizonen motibazioa ez litzateke aurkariena baino makalagoa izan behar, are gehiago norgehiagoka Katedralean jokatuta. Liga txapelketa sailkapeneko goialdean amaitu gura dauen talde batek irabazi egin behar ditu etxeko partiduak eta Realaren aurkakoa irabazi beharreko horreetako bat da. Ganera, ez da ahaztu behar hurrengo domekan Santiago Bernabeun jokatuko dabela zuri-gorriek.

Ernesto Valverdek badaki zer aurkituko dauen domekan San Mamesen. Realak baloiaren jabetzea emongo deutso eta atzean itxarongo dau kontraerasoan min egiteko asmoagaz, Carlos Vela eta William Joseren eskutik. Eusebio Sacristanen taldea ez da aurkari erraza izango, ez, baina Athleticek erakutsi behar dau aurkaria baino gehiago dala. Nagusitu egin behar da lehen minututik. Zuri-gorriak sendo agertu dira orain arte San Mamesen, Valencia eta Sevillaren aurkako partiduak irabazita. Bartzelonak hiru puntuak eroan ebazan baina izerdi asko botata. Athleticek bere maila emoten badau, puntuak Bilbon geratuko dira.

Zorterik onena emakumezkoen taldeari bihar Danimarkan jokatuko daben partidurako. Txapeldunen Ligako hurrengo kanporaketan egotea merezi dabe.