ATHLETICEN bolada ona nonoiz amaitu behar zen eta gura baino arinago. La Rosaledan amaitu da. Balenziagak lehen zatiaren azken txanpan ikusi eban txartel gorriak goitik behera baldintzatu eban norgehiagoka. Atzelariak emon eutson garaipena taldeari Sevillaren aurka eta berak zabaldu eban porroterako bidea Malagan. Hamar gizonegaz, Ernesto Valverderen taldeak uko egin eutson erasoko jokoari eta Aritz Adurizek hirugarren minutuan sartutako gola defendatzen ahalegindu zen, minutu baten Juande Ramosen taldeak markagailua irauli eban arte. La Rosaledatik esku hutsik itzuli izanak ez dau askorik aldatu behar Liga hasierearen balorazioa. Athletic ondo kokatuta dago sailkapenean, bere jokoan hobetzeko gauza asko izan arren.

Valverdek bosgarren garaipena kateatu gura eban zazpigarren jardunaldian eta aldaketa bi baino ez ebazan sartu hamaikakoan, Europa Leagueko partiduagaz alderatuta. Entrenatzaileak ez eutsen atsedenik emon Vienako Rapiden aurka ikututa amaitu eben Beñat eta Laporteri. Valverdek bere arma guztiak ipini zituen zelaian Malagari irabazteko asmoagaz. Iraizoz hasierako hamaikakora itzuli zen Keparen ordez. Ez dot oso ondo ulertzen ze onura dakartson taldeari atezaina aldatzeak. Kepak lan ona egin eban aurreko lau partiduetan eta ganera taldeak jokoan egozan hamabi puntuak eskuratu ebazan. Valverdek, baina, Bilbon itzi eban ondarrutarra eta Iraizoz jarri eban ostabe atean. Nafarrak ez dau zerikusirik izan La Rosaledako porrotean baina, barriro dinot, ez deutsodala onurarik ikusten atezaina aldatzeari. Ondo dagoena ez da ikutu behar, ezinbestekoa ez bada behin-tzat. Kasualidadea izango da, baina Athleticek irabazi egin dauz Kepak jokatu dauzan lau partiduak eta ostera, galdu egin ditu Iraizozek jokatu dauzan hirurak.

La Rosaledako partidua ezin hobeto hasi zen Athleticentzat. Adurizek amaiera bikaina emon eutson De Marcosek hasitako jokaldiari eta zuri-gorriak aurretik jarri ziren markagailuan. Minutuak aurrera joan ahala Malagak aurrepausu bat emon arren, zuri-gorriek ez eben arazorik izan Iraizozen atea hutsean mantentzeko. Futbolean, ostera, gauzak goitik behera aldatzen dira jokaldi baten. Balenziagak erantzun egin eutson aurkari baten erasoari eta arbitroak txartel gorria erakutsi eutson zuri-gorriari, iskanbila sortu eban Malagako jokalariari zigor erdia jarri eutson bitartean. Bederatzi minutu geratzen zirrn lehen zatia amaitzeko, eta Athletic hamar gizonegaz geratu izanak goitik behera baldintzatzen dau hortik aurrera gertatutakoaren ganeko edozein balorazio.

Valverdek behartuta egin ebazan hiru aldaketak. Williams kendu eban Lekue zelairatu eta Balentziagak itzitako hutsunea beteteko. Malaga gero eta arrisku gehiago sortzen ebilela ikusita, entrenatzaileak uko egin eutsan erasoko jokoari eta gol bateko aldea defenditzeko apostu garbia egin eban Etxeita zelairatuta Aritz Adurizen ordez. Hasiera baten, hiru zentraleko defentsak sendotasuna emon eutsan taldeari baina, lehen esan doten lez, futbolean gauzak goitik behera aldatu daitekez minutu baten eta Malagak irauli egin eban markagailua Athletic hiru puntuak ikutzen hasita egoanean. Porrot mingarria izan da La Rosaledakoa, taldeak lan itzela egin ebalako hamar gizonegaz geratu ostean. Edozelan be, ezin da ondorio askorik atara Malagako partidutik, Balentziagaren txartel gorriak goitik behera baldintzatu eban-eta norgehiagoka.

La Rosaledan ez gaitue maite eta gure jokalariek zein zaleek irain gogorrak entzun behar izan ditue. Ea Ligak neurririk hartzen badau. Malaga taldearen jaubeak, Abdullah Al-Thani jekeak, goraipatu egin dau Javier Tebas eta bere alde agertu da Futbol Profesionalaren Ligako presidenterako hauteskundeetan. Beraz, emoten dau Malagak ez dauela zigorrik jasoko euskaldunak iraintzeagaitik. Arbitroak dino, zaleria “normal” egon zala.