75ETIK 57 dago erabakitzeko eskubidearen alde Legebiltzarrean, EAEn. Kopuru polita da: zenbakiek badute kapikuaren magia, errepikapenaren irmotasuna, simetriaren lasaitasuna, nagusiaren biribila. Ikusteko dago (ez dut festa zapuztu nahi) nola gauzatuko den hatsarre eder hori, zeren, azken finean, Legebiltzarrean guztiek esaten baitute (75etik 75ek) osasun sistema eta hezkuntza hobetzearen alde daudela, demagun, edo enpleguaren alde eta langabeziaren aurka borrokatzeko dena emateko prest daudela, nola ez. Eskarmentuak diosku gero hezkuntza hobetzea ez dela gauza bera popularrentzat edo abertzaleentzat, eta jeltzaleak eta podemosekoak ez direla bat etorriko enpleguaren alde hartu behar diren neurriak zehaztu behar diren unean. Baina eszpetizismoa bazter batean utzirik oraingoz, esan behar da erabakitzeko eskubideak irabazi duela. Erabakitzeko eskubidea, EAE osoa bezala, EAJren eskuetan dago. Zer egingo du EAJk, nor aukeratuko du erabakitzeko eskubidea finkatu, hezkuntza eta osasun sistema hobetu eta enplegua sustatzeko? EH Bilduk egin duen proposamena, hirukotearena, ondo egon zitekeen, baina ez du inork onartu (pena, “ménage-à-trois” horiek atseginak izan daitezke). Zer orduan? Sozialistak ez daude ezertarako oraintxe bertan, inork ez du hain aldarte aldakorreko bikotekiderik nahi, lasaitu arte ezertxo ere ez (beranduago agian, bai). Popularrak? Ezta pentsatu ere. Zer orduan? Jeltzaleen larruan banengo, ez nuke bikotekide bat aukeratuko legealdi osorako (bikote itxiek, arazo iturri izateaz gain, melodramarako joera dute); haien larruan banengo, orain modan dagoen eta heterosexualek (beti berandu, oi koitaduak!) deskubritu berri duten poliamodioa praktikan jarriko nuke lasai asko. Zertarako bikotekide bakar bat hautatu, lau amorante izan dezakeenean, banan banan, edo binaka? Jeltzaleek poliamodioa saiatu ahal dute orain, eta gero gerokoak. Baina, kontuz ibili beharko dute, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bikote kritiko indartsua antolatu ahal dute poliamodio modernotxo hori suntsitzeko.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
