IRAILA amaitu barik dago eta Liga sailkapeneko sei jardunaldi baino ez dira jokatu. Bai, baina plazerra da lehen mailako sailkapenera begiratzea eta Athletic goialdean ikustea, Real Madrid liderrarengandik puntu bira eta Atletico de Madrid eta Vila-realegaz bardinduta. Badakit goizegi dala ondorioak atarateko eta hogeita hamahiru jardunaldi geratzen dirala jokatzeko. Baina arrantzale zaharrek esaten daben moduan, goizeko 10etan barruan dagoan atuna, gaueko 10etan be barruan dago. Athleticek hasiera ona emon deutso liga txapelketeari eta dinamika positibo baten sartuta dago. Ea olatuak noraino eroaten dauen.
Sevillaren aurkako partiduak albiste on ugari itzi ebazan. Ernesto Valverderen gizonek garrantzi handiko hiru puntu eskuratu ebezan aurkari zuzen baten aurka. Ez da ahaztu behar Sampaoliren taldea partidurik galdu barik eta sailkapeneko bigarren postuan iritsi zala Katedralera. Zuri-gorriek intentsitate itzela erakutsi eben bedartzan eta zapaldu egin eben aurkaria. Joko aldetik zer hobetu asko egon arren, Athleticek irabazi egiten ditu partiduak eta azken baten, horixe da garrantzitsuena.
Beste alde batetik, Athletic zaleontzat beti da albiste bikaina harrobiko jokalari batek estrainekoz jokatzea San Mamesen. Valverdek hasieratik zelairatu eban Yeray Alvarez eta Barakaldoko atzelariak partidu bikaina jokatu eban Laporteren alboan. Atzelari azkarra da, gogorra eta aurkariari aurrea hartzen dakiena. San Mamesen bedeinkapena jaso eban Sevillaren aurkako partiduan.
Kepa Arrizabalagak lau partidu jokatu ditu Athleticen atean eta laurak irabazi ditu taldeak. Ez dakit zer adostu dauen Valverdek plantilako hiru atezainekaz baina gauzak doazen moduan joanda, ea nork kentzen dauen Kepa Arrizabalaga zuri-gorrien atepetik. Emaitzak alde batera itzita, Ondarroako atezaina lan ona egiten dabil eta egunetik egunera konfiantza gehiago hartzen doa.
Jardunaldiak itzitako albiste onakaz jarraituta, Mikel Balenziagak gola sartu izana barri bikaina da Athleticentzat. Zumarragakoa langile bikaina da eta Valverdek sarritan esaten dauen lez, asko emoten deutso taldeari, defentsa lanetan batez be. Erasora begira, ostera, nahi baino min gitxiago egiten dau ezker hegaletik. Sevillaren aurka, ostera, garaipenaren atea zabaldu eutsan Athletici bigarren gola sartuta. Partiduko unerik gatxenean etorri zan Balenziagaren agerraldia. Sevillak bana bardindu eban partidua eta Athletic ezinean ebilen, aurkariaren atera hurreratu ezinik. Atzelariaren jokaldiak eztanda ederra eragin eban Katedralean, gola oso garrantzitsua zalako eta goleatzailea Mikel Balentziaga zalako. Ea aurrerantzean bide horretatik jarraitu eta ikara barik jokatzen dauen erasora. Aduriz, Raul Garcia eta enparauek eskertuko dabe.
Liga txapelketea alde batera itzi eta Europa Leagueko bigarren partidua jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen. Valverderen taldeak irabazi egin behar dau Vienako Rapiden aurkako norgehiagoka, lehenengo jardunaldian galtzaile izan ostean. Sassuoloren zelaian jasotako porrota ez da erabakigarria, oraindik beste bost partidu geratzen diralako jokatzeko. Dana dala, Mapei estadioan gertatutakoa -bigarren zatian batez be- mingarria izan zan oso eta zuri-gorriek lehenbailehen arteztu gura dabe Italian okertutakoa. Ander Iturraspek merezi dau hasieratik jokatzea. Sasoi onean dagoala erakutsi dau eta taldearen jokoak eskertu egingo leuke.