GARRANTZI handiko garaipena lortu eban Athleticek Valentziaren aurkako partiduan. Zuri-gorriek ondo merezita eskuratu ebezan hiru puntuak eta liga txapelketako lau jardunaldi jokatuta, sailkapeneko erdialdean dagoz jokoan egon diren puntuen erdia irabazita. Beraz, Athleticen egoerea ezin esan txarra danik. Izan be aurreko denboraldietan baino puntu gehiago ditu bosgarren jardunaldiaren atarian. Horregaz batera, ezin ukatu Ernesto Valverderen taldeak gauza asko dituela hobetzeko. Atzealdeko lerroa ez dabil sendo eta erasora begira taldeak ez dau arriskurik sortzen hegaletatik. Edozelan be, sei puntu izanda zorroan hobeto eta, batez be, lasaiago egin daiteke lan entrenamenduetan txarto dagoena konpontzeko.

Athletic zaleontzat mingarria izan zen oso Sassuoloren aurka jasotako porrota. Puntu barik itzultzea ez zen gogorrena izan, taldeak Mapei stadiumean emondako itxura txarra baino. Kontuak kontu, ezinbestekoa zen lehenbailehen dinamika negatiboa iraultzea eta Ernesto Valverdek aldaketa batzuk egin ebazan hasierako hamaikakoan. Entrenatzaileak Ander Iturraspe zelairatu eban hasierako hamaikakoan Beñaten alboan eta taldearen erasoko jokoak onerako igarri eban Abadiñokoaren lana. 0-1eko emaitzea irauli ostean, baina, Valverdek arriskuan ikusi eban garaipena eta Mikel San Jose zelairatu eban. Ulertu, ulertzekoa izan daiteke entrenatzailaren erabakia baina garbi esan behar da Iturraspe taldeko jokalaririk onenetarikoa izan zala Valen-tziaren aurka.

Futbola oso joko sinplea da, gaur egun entrenatzaile batzuk xake partida bat baino konplikatuagoa bilakatu gura badabe be. Futbola gola da eta golak Aritz Adurizen izena daroa Athleticen. Aurrelari donostiarraren eskutik menderatu eban talde zuri-gorriak Valentzia. Lehenengo gola zein bigarrena ikusgarriak izan ziren. Ikusgarriak bezain garrantzitsuak, Athleticek hiru puntuak behar zituan-eta. Albiste bikaina da Aduriz golak sartzen hastea, Athleticek jaso leiken albisterik onena.

Granada, Sevilla, Vienako Rapid eta Malagaren aurka jokatuko dau Athleticek datozen egunetan, Liga txapelketak urriaren 2an izango dauen etenaldiaren aurretik. Garbi berba eginda, irabazteko moduko partiduak dira laurak. Helburu hori beteteko, baina, ezinbestekoa da orain arte jokatutako partiduetan egindako zenbait akats konpontzea. Hasteko, aurkarientzat ezin da hain erreza izan Athleticen atea zulatzea. Sassuolon ikusitakoa negargarria izan zen baina Valentziaren aurka be, atzealdea ez zen fin ibili golaren jokaldian. Valverdek dino Laporteri parkatu egiten deutsola txarto egindakoa, taldeari gauza asko emoten deutsazalako. Egia da, frantziarra goi mailako jokalaria dela, bai, baina garbi dago bere mailatik urrun dagoela. Athleticek Laporterik onena behar dau eta lehenbailehen ganera. Beste batzuk -Xabi Etxeita- hamaikakotik ezeze deialditik kanpo be gera-tzen dira bere maila onenean ez badagoz.

Konpondu beharreko akatsekaz jarraituz, Athleticek arazo bat dauka hegaletan erasora joka-tzen dauenean. Williams, Susaeta, Muniain eta Sabin Merino ez dabilz fin eta erditik jokatzen dabenek tiratu behar dabe gurditik.

Ezin amaitu, Kepa Arrizabalagaren lan ona goraipatu barik. Atezain ondarrutarrak ez eban lan askorik izan baina bere dohai bikainen barri emon eban, Valentziak binako bardinketea lortzeko euki eban aukera garbienean. Keparen lan onak ez dau inor ezustean harrapau. Marian eta Pelloren semeak ederto gainditu dau San Mamesko azterketa gatxa.