gARAIPEN lasaigarria eskuratu eban Athleticek Riazorren. Lehenengo jardunaldi bietatik punturik eskuratu barik geratu ondoren, Ernesto Valverderen taldeak behartuta ekin eutson Deportivoren aurkako partiduari eta bete egin eban bere helburua. Izan be, Gaizka Garitanok zuzentzen dauen taldearen aurka lortutako hiru puntuek lasaitasuna emongo deutsoe taldeari. Beste era batera esanda, puntu barik egoteak sortzen dauen egoneza eta kezka puntua kendu ditu ganetik Athleticek A Coruñan irabazita.

Athleticek ez eban partidu handia jokatu Riazorren. Kontrakoa esatea guzurra esatea litzateke. Dana dala, zuri-gorriek eraginkortasun handia erakutsi eben. Hau da, aurkariaren ate aurrean gol aukera askorik sortu ez arren, gauzatu egin eben argiena, Raul Garciak lehen zatiko amaieran sartutakoa. Nafarra ez dago sasoi betean baina barriro be kalidade itzela daukala erakutsi eban. Eta beti esaten dogun legez, oso garrantzitsua da irabazten jakitea ondo jokatu ez arren be. Iaz 0-2 irabazten joanda, zuri-gorriak ez ziran gauza izan aldeari eusteko eta puntu bi galdu ebezan azken minutuetan.

Egia da, German Lux, etxeko taldeko atezainak ez ebala ia lanik izan. Egia da, baita, Ernesto Valverderen gizonek ez ebela arazo handirik izan Andone eta enparauen ahaleginak geratzeko. Lehenengo zatian Gaizka Garitanoren taldeak aukera garbi bi euki ebazan baina Athleticeko atezainak ederto erantzun eban.

Kontuak kontu, botilea erdi beterik ikusi behar dogu, erdi hutsik baino, talde honek kreditu handia daukalako. Garbi dago Athletic ez dagoala fin eta asko hobetu behar dauela o-raindik, erasotzeko orduan batez be. Beñatek zelai erdian taldearen erasoko jokoa antolatzeko ahalegin ugari egin arren, ez dago sakontasunik, bertikaltasunik, bilbotarren jokoan. Horregaz batera, Valverderen taldeak ez dau arriskurik sortzen hegaletatik. Williams, Aduriz eta Muni-ainek osotu eben domekan Athleticen erasoko lerroa eta ezinean ibili ziren Deportivoren atzelarien aurrean.

Kepa Arrizabalagarena izan zen izen propio nagusia Riazorren jokatutako partiduan. Ernesto Valverdek ligea hasi aurretik iragarri eban lez, plantilan dituen hiru atezainak erabiliko ditu denboraldi honetan. Ondarroako atezainak ezin hobeto jokatu eban bere estraineko partiduan. Oso seguru agertu zen partidu osoan eta geraketa bikainak egin ebazan lehen zatian. Hamar urtegaz heldu zan Lezamara Ondarroako “Pixki” anaiak eta Julen Arufegaz batera. Bide luzea bete dau lehen taldeagaz debutatu arte baina garbi dago bide luzea egingo dauela San Mamesko atepean. Hogeitabi urte beteko dauz laster eta emoten dau Ernesto Valverdek eta Athleticek Kepa Arrizabalagaren aldeko apostua egin dabela. Lezamako semea da Kepa eta Athletic zaleontzat harrotasun handia da harrobitik sortutako jokalaria lehen taldera iristea.

Riazorren lortutako lasaitasunaren laguntzaz ekingo deutso Athleticek etorkizun hurbilari. Sei partidu jokatu dauz Ernesto Valverderen taldeak irailaren 15etik urriaren 2ra. Etzi jokatuko dau lehenengoa Italiako Sassuoloren aurka Europa Leagueko taldekako faseko lehen jardunaldian. Ez da norgehiagoka erraza izango aurkaria italiarra dealako eta partidua Italian jokatuko delako. Riazorren erakutsitako sendotasuna abiapuntu ona litzateke ligatxoko lehen jardunalditik esku hutsik ez ataratzeko. Hori bai, Aduriz, Williams eta Munianen errendimenduak gorakada nabarmena euki behar dau erasoko jokoan. Bestela, gaitza izango da garaipenak eskuratzea.