BERMEO, Hondarribia zein gainerako traineruetako arraunlariek hainbat eta hainbat ordu egin ditue lanean azarotik, udako denboraldiari ahalik eta indar-tsuen ekiteko. Hiru estropada geratzen dira eta ordu bete eskasean emondako errendimenduak goitik behera aldatu leike denboraldiaren ganeko balorazinoa. Izan be, Kontxako Banderea eta San Miguel Ligea dagoz jokoan. Eta jakina, sailkapeneko goialdean bakar batentzako lekua baino ez dago.
Denboraldi honetan Bermeok eta Hondarribiak lehia ederrak eskeini deuskuez eta itxura guztien arabera barriro gozatzeko aukerea eukiko dogu hurrengo hiru estropadetan. 1,78 segunduko aldea kendu eutsan Bou Bizkaiak Ama Guadalupekoari Kontxako lehen jardunaldian, GPSaren arabera bermeotarren aldea lau segundukoa bazan be. Salsamendiren mutilek lortutako aldea ez da erabakigarria eta banderea eskuratu gura dauenak azkarrena izan beharko da datorren domekan.
Ez da erreza esatea ze ontzi dan faborito nagusia Kontxa irabazteko baina azken estropadetan izandako emaitzak aztertuta, Bermeoko trainerua Hondarribiaren aurretik egon beharko litzateke apostuetan. Izan be, azken zazpi estropadetan -San Miguel Ligako sei eta Kontxako lehen jardunaldia- Bou Bizkaia Ama Guadalupekoaren aurretik sailkatu da seitan eta behin bakarrik -Castron- lortu dabe gipuzkoarrek bermeotarrak atzetik iztea. Ganera, sei garaipen horreek indar handia emon deutsoe Gorka Aranberrik gidatutako koadrilari.
Iragarpenen arabera, datorren domekan metro ta erdiko hondoko itsasoa egongo da Donostiako badian. Hau da, lehen jardunaldiaren antzeko baldintzetan jokatuko da bigarrena be. Lau lehiakideak, Kaiku eta San Juan ez dira ahaztu behar-eta, ziztu bizian abiatuko dira, hasikeratik ezer gorde barik. Ziabogara aurretik heltzea garrantzitsua izango bada be -animo aldetik batez be- bueltako luzean erabagiko da Kontxako banderea. Bermeok 11 segundu kendu eutsazan Zierbenari lehen luzean eta 20 bigarrengoan. Olatuen indarrari etekin handiena ataratzen deutsonak irabaziko dau Donostiako bandera.
Urdaibai eta Hondarribia ez ziran batera lehiatu lehen jardunaldian. San Miguel Ligan txandak sailkapenaren arabera osatzen badira be -logikoena dalako- Kontxan zozketaz banatzen dira traineruak lehenengo jardunaldian, sailkatzeko estropadako sailkapena kontutan euki barik. Ondorioz, traineru indartsuenak ez dira beti batera lehiatzen. Arraunlariek beti euki gura dabe aurkaria alboan eta txandak zozketa bidez egiteak garrantzia handiegia emoten deutso zorte faktoreari. Izan be, sarritan haizeak indarra hartzen dau bigarren txandarako. Antolatzaileek, baina, ez dabe aldatzeko asmorik agertu.
Traineru denboraldian berba asko egiten da estropada eremuetan kaleen artean egoten diran aldeen ganean. Kontua da, urteko Bandera garrantzitsuenean kale zozketa erabakigarria izan daitekeela itsasoaren eta eguraldiaren arabera. Normalean inork ez dau lehen kaletik joan nahi baina Kontxa bat baino gehiago irabazi dabe lehen kaletik jardundako ontziek. Kontxa irabazteko zortea behar da. Edo behintzat, zorte txarrik ez izatea. Kontua da arraun taldeetako ordezkariak dardakadan egongo dirala domeka goizean kale zozketaren atarian.
Deustuko Tomatera ontziko arraunlariak lehen jardunaldian egindako lan ona biribiltzen ahaleginduko dira. Horretarako, Hernani eta Arraun Lagunak itzi behar dabez atzean barriro be eta txandea irabazten ahalegindu. Cabo sei segundura dago eta lorpen bikaina izango litzateke txandea irabazi eta sailkapen nagusiko bosgarren postua eskuratzea.