oporraldiak lozorro amaigabetik ateratzen gaitu urtearen sasoi berezietan. Udakoa, askorentzat agian, gauzak, tokiak eta espazioak beste modu batean begiratzeko tarterik luzeenetarikoa izaten da. Neu urrun joan naiz, landa berde eta zabalen lurraldeetara, eta han beste modu horretan hartu dut arnas, lasaitasunez, kezkabiderik gabe, eta begiak zorroztu ditut paisaiaren tolesdura bakoitza ahalik eta zehaztasun handienez nire oroitzapenen apalategian gordetzeko. Eta hortik tiraka elikatzen naiz orain, presente errepikakor honetara bueltatu eta gero. Oraingoa, batzuetan, deprimentea baita.
Eta nago, denak berdin jarraitzen duela, eta asperdura batek itotzen gaituela erabat. Politika da higidura txikienik egiten ez duen kontua. Espainiako politika gogaikarria da, eta horretan jarduten duten batzuk oso astunak. Rajoyk ez du ezer lortu, eta espero zenez, denak berdin jarraituko du bere politikaren zutabe ustelduak aldatu nahi ez dituelako. Inbestidura saioan ezezkoak irabazi du, baina horrek ez dio zer pentsatu ematen; horrek ez dio gauzak beste modu batean hausnar-tzeko eta bere porrota eta jarrera zentralizatzailea eta blokeatzailea aldarazteko gogoa sortzen. Beste askotan egiten duten moduan, errazena besteei errua botatzea izango da, eta hala, gezur bat mila bider errepikatuko dute egi bilakatuko den arte. Aurreko batean honakoa esanez entzun nion: “egoera honengatik Espainia Europan ematen ari den irudia gaiztotzen ari da”. Gaurko egoera honengatik? Eta eurek egindako korrupzio tramengatik? Eurek gai askoren aurrean hartu duten politika antisozialarengatik? Krisialdia kudeatzeko trebeziarik ez erakusteagatik? Horrengatik guztiarengatik, akaso ez?
Zorionez munduko beste bazter batean gauzak aldatu dira, eta itxaropenaren printzak argitu du berriz. Kolonbian, mende erdiko gatazka armatua amaitu eta bakea sinatu da. Milaka eta milaka biktima izan duen gerra odoltsuari ezetz esan diote bi aldeek, eta hemendik aurrera, bere pentsamendu politikoak armarik gabe eta modu demokratikoan eztabaidatu ahal izango dituzte.
Dena berdin? Ez, eskerrik asko.