ATHLETICEK ezin izan dau punturik lortu Bartzelonaren aurka San Mamesen eta Ernesto Valverderen taldea -igaz lez- liga txapelketako lehen partidu biak galduta helduko da iraileko etenaldira. Athleticeko entrenatzaileak aldatu egin gura eban aurreko denboraldietako dinamika negatiboa liga txapelketari hasikera ona emonda. Emaitzak, ostera, ez dira onak izan lehen partidu bietan eta zuri-gorriek behetik gorako bidea egin beharko dabe aurten be. Garrantzitsuena ez da zelan hasten dan, zelan amaitzen dan baino, eta aurreko urteetan lez amaitu ezkero pozik egongo ginateke. Oraingoz, behinik behin, zuri-gorrien lanak ez dau saririk jaso.
Futbolean emaitzek goitik behera baldintzatzen dabe edozein balorazino. Beraz, Athleticen liga hasierea ez da bape ona izan, zuri-gorriek ez dabe-eta punturik eskuratu. Edozelan be, El Molinonen galdu izana ezusteko latza izan bazan ezin dogu gauza bera esan San Mamesen Bartzelonaren aurka galdutako partiduaren ganean. Gogorra bada be, Athleticek blaugranen aurka jokatzen dauenean normalena galtzaile izatea da. Estatistikak oso gordinak dira. Talde biek San Mamesen jokatu dabezan ligako azken hogei partiduetan zuri-gorriak lau bider bakarrik nagusitu dira, hamaika partidu galdu ditue eta bost bardindu. Azken hamaika denboraldietako datuak hartuta, behin bakarrik lortu dau Athleticek Bartzelonari irabaztea. Beraz, ez dogu harakiria egingo Luis Enriqueren taldearen aurka galdu izanagatik, beti be mingarria izan arren.
Ernesto Valverdek aurkaria itotzeko agindua emon eutsen bere jokalariei eta zuri-gorriek presio itzela egin eben lehenengo minututik. Bartzelonako jokalariek, baina, -atezainetik hasita- kalidade itzela daukie eta ez eben arazo handirik izan baloia jokatuta atarateko. Domekako partiduan barriro geratu zan argi, gorputz eta arima ipintea jokoan ez dala nahikoa Bartzelonalako talde bateri irabazteko. Ahalegina baino gehiago behar da. Izan be, Athleticen aldekoa izan zan partiduko lehen aukera garbia baina Beñat Etxebarriak atezainaren gorputzera jaurti eban. Messi eta bere taldekideek, ostera, ez eben huts egin Iraizozen atera iritsi ziran lehenengo jokaldian. Kontuak kontu, betiko kontua. Zuri-gorrien lan itzela eta hiru puntuak Bartzelonarentzat. Egia esateko, Luis Enriquek sekulako taldea dauka esku artean.
Liga txapelketak eukiko dauen etenaldia oso ondo etorriko jako Ernesto Valverderi lehen jardunaldi bietan egindako akatsak konpontzeko, Molinonen egindakoak batez be. Era berean, ia apurka apurka jokalari batzuk sasoia hartzen doazen. Izan be, taldearentzat ezinbestekoa da Aduriz edota Raul Garciaren ekarpena eta gaur egun ez dabilz bape fin. Zorionak emakumezkoen taldeari Euskal Herriko kopea irabazteagaitik.