ATHLETIC zaleok arpegiko gogorra hartu dogu Molinonen. Egia esateko, inork ez eban uste Valverderen taldeak hain maila eskasa emongo ebanik lehen jardunaldiko partiduan eta are gitxiago norgehiagoka Molinonen jokatuta. Izan be, 1991ean galdu eban azkenengoz Athleticek Ligan Gijongo Sportingen aurka. Valverderen taldeak ez eban ezer egin hiru puntuak eskuratzeko. Entrenatzaileak aitortu eban legez, hutsegite larriegiak egin ebazan taldeak atzealdean. Horregaz batera, Aduriz eta enparauek ez eben zorroztasunik erakutsi aurkariaren ate aurrean. Kontuak kontu, Athleticek badauka zer hobetu.
Ernesto Valverdek hasiera ona emon gura eutsan 2016-2017 denboraldiari, aurreko bietan lehen itzuli makalak egin ostean. Athleticeko entrenatzaileak bere konfiantzazko hamaikakoa zelairatu eban Molinonen, Eneko Boveda Etxeitaren ordez ipinita. Taldeko jokalari garrantzitsuenek, baina, ez eben euren mailarik onena emon. Aritz Aduriz ezinean ibili zan Fernando Amorebieta eta Mereren artean. Ganera, huts ikaragarria egin eban Athleticek markagailuan aurretik ipinteko aukera euki eban jokaldian. Gauza bera esan geinke Mikel San Joseren ganean. Nafarra galduta ibili zan zelai erdian eta huts nabarmena egin eban aurkariaren lehen golaren jokaldian. Raul Garcia ez zan ez ondo ez txarto egon, ez eban ezer egin-eta. Beñat, Williams eta Iraizoz kenduta, ganerako zuri-gorriak ezinean ibili ziran Molinonen. Valverdek partidu osteko prentsaurrekoak onartu eban lez, hasierako hamaikakoan zelairatu ebazan jokalari batzuk aurre-denboraldi “berezia” egin dabe eta ez dagoz sasoi betean. Halanda guzti be, hasieratik zelairatu ebazan.
Ez gaitezen ezkorregiak izan ligako partidu bakar baten ikusitakoan oinarrituta. Valverderen taldeak erakutsi deusku zer egiteko gauza dan eta itxaron daigun ahalbait arinen konpontzea Gijonen erakutsitako akatsak. Ez dogu ahaztu behar Bartzelona datorrela datorren domekan San Mamesera, munduko talderik arriskutsuena. Athleticek itxuraldaketa sakona euki beharko dau Messi, Luis Suarez eta enparauen aurrean nagusitzeko aukeraren bat eukiteko. Akats taktikoak konpontzeaz gain, beste jarrera bat erakutsi behar dabe zuri-gorriek ligako hurrengo partiduan. Bestela jai daukagu.
Gijongo Sportingek meritu handia dauka lehen mailan dagoalako baliabide urriak ondo kudeatuta. Administrazio kontseiluak “garbitu” egin behar dau Molinon, Williamsen aurkako irain arrazistak egin ebazan zale taldearen jarrera onartezina da-eta. Sikiera, arbitroak, geratu egin eban partidua. Gurpegik sekulakoak entzun behar izan ditu eta epaileek ez dabe inoiz ezer egin.