GURE hizkuntza Administrazioan jardun nahi duten herritarrak diskriminatzeko ezin erabil daitekeela, hizkuntza kontuengatik herritarren ezagutza eta ekarria galtzen ari garela, pilatu dugun giza-kapitala euskaragatik ezin gal dezakegula eta gisakoak azpimarratu ditu PSE alderdiak, bidenabar berriro ere egoerarik zailenean bizi den hiztun-elkarteari, benetan elebiduna denari errua leporatuz. Eusko Legebiltzarrean adostasun zabalarekin onarturiko Udal eta Turismo Legeak ere izan ditu hizpide, euskara inposatzeko batzuek duten gehiegizko ahalegin horren adierazgarri... bai, egiazkoak ez diren zenbait kontu, azkenean, egiazkoak balira barreiatzen dira bazterretan.
Nonbait ahaztu egiten zaio gaztelania hizkuntza ofizialtzat ez duten lurraldeetako tituludunek, tartean prestakuntza trinkoagoa eta zabalagoa dutenek, Espainiako administrazioan jarduteko, bai eta haien lanbidean aritu ahal izateko ere, gaztelaniaren ezagu-tza egiaztatu behar izaten dutena -ez, ordea, bestelako hizkuntza ofizialen ezagutza-; gaur eta hemen, nonahi eta nolanahi euskaraz normaltasunez eta askatasunean bizi nahi duenak modurik ez duela; 45 urtetik gorakoak, euskararen gutxieneko ezagutza erakusterik ez dutenak, antza denez, 1982. urtean hamaika urte besterik ez zituztela eta, harrezkero, bestelako prestakuntza-bideei ekin ahal izan dietela, hogeita hamar urteotan euskara ikasteko aukera ugari izan dutela eta abar.
Baina kontu horiek gorabehera, badago beste gai bat iraingarria gertatzen dena. Ez dago mediku, kirurgialari, erizain, udal-idazkari, irakasle bat... horretan diharduena euskara ez besterik dakielako, lanbide horretan eskatzen zaion prestakuntza egitaztatu ondoren euskararen ezagutza aintzakotzat hartzen baita eta ez alderantziz. Gauzak horrela, norbaitek azaldu beharko liguke prestakuntza osatuagoa duten elebidunak zergatik baztertu behar ditugun gaztelaniadun elebakarren mesedetan.
Esanak-esan gure gizartea ez da benetan elebiduna, guztiok halabeharrez -ez da aukera pertsonal bat, besteak beste sozialistek ezarririko legeak ezartzen baitu hori- gaztelania ezagutu behar baitugu, biztaleriaren zati batek euskara ere dakienean. Espainiaren ikusmolde jakin batek -hizkuntza eta kultura bakarraren inguruabarrean subjektu nazional bat eta bateratua sor-tzen saiatu dena- sorrarazitako desberdintasun horretatik abia-tzen da PSE alderdia, batzuen eskubideak lehenesteko eta iltza-tzeko, hamarkadetan baztertuak eta alboratuak izan direnenak ahaztuz... ez baitut gogoan adierazpen bakar bat euskal elebidunek nonahi eta nolanahi, bai lehen eta orain ere, topatzen dituzten ezintasunen, bizi duten egiazko diskriminazioaren aurrean.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">