SEXU gehiegikerien kontua urtean zehar hainbatetan agertzen den eta gehien-tsuenoi higuina sorrarazten digun berria da. Gertaerek ez dute inolako azalpenik eta zuribiderik behar, eta, erabateko gaitzespena izan beharko lukete, gizarte osoaren aldetik. Udan zehar, ordea, herri eta auzoetako jai eta ospakizunak ugaritu ahala, areagotzen diren jazoerak dira. Izan ere, jaiek estalpe ezin hobea eskaintzen dute pertsona batzuen barrunberik ilunenak azaleratzeko, bai eta beste batzuen axolagabekeria nabarmen uzteko ere. Talde baten babesa edota konplizitatea izateak, inguruan daudenek halakoei garrantzirik ez emateko edota beste alde batetara begiratzeko joerak, edanak edo substantzien eraginaren menpean egoteak, besteak beste, emakumeei eraso egitea edota gizartean horren onarpen zabala ez duten sexu-aukerak gutxiestea dakar. Gauzak horrela, gehiegikerien aurrean, berdintasunaren eta guztien eskubideen alde, herritarrek eta herri-erakundeek eragingarritasunez erantzutea garrantzi handikoa da.
Batzuek halakoak ekiditeko, gizarte-eredua aldatu behar dela adieraziko dute, beste batzuek hezkun-tzan -gaurko gizarteen gabeziak konpontzeko eta bestelakoei, garrantzi handiagokoei ez ora-tzeko sendabelarra- eragin beharraz jardungo dute, ahaztuz familia-giroan, telebistan, publizitatean zein bestelakoetan ikasten eta ikusten direnak... Jarrera aktiboa eta proaktiboa behar da halakoei zuztarretik heltzeko, bai eta mozteko ere.
Emakume bati ipurdia edo titiak ukitzea barreak eragiten baditu, janzkera arbuiatzea zilegia bada, kale-kantoi edo leku ilun batean erasotzea ulertzen eta nolabait onartzen den kontua bada... ez goaz gizarte aurreratu baten noranzkoan, itzulipurdika baizik. Inguruabar horretan, jaietan sexu berekoek elkarri eskua emanda normaltasunez ibiltzerik ez badute, txantxarako eta jipoituak izateko arrazoi bihurtzen bada... askoz hobe jai zein bestelakoak bertan behera uzten baditugu... ez baitago zer ospaturik, jai egiterik halakoak gertatzen direnean.
Begirunea erakutsi behar du beste horrenbeste bilatzen duenak. Lagun hurkoaren aldeko ala kontrako erabakia errespetatzen jakin behar du, errespetua eskatzen duenak. Guztien aukerak onartu behar ditu, onartua izan dadin aldarrika-tzen duenak... horixe izan beharko lukeelako giza-legea, denok berdinak eta berdinkideak garelako, eskubide berberak dauzkagulako, desberdintzen gaituzten gauza guztien gainetik zein azpitik.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">