AURREKOAN Espainiako alderdien arteko ezin ulertuak Espainiako Oroimen Historikoaren Legeak ekarri duela esan zuten telebista hizketaldi batean. Horrek hautsak harrotu omen ditu, sasoi bateko ezinikusiak indartu eta adostasunetara iristeko bideak zartatu. Hobe gauzak zeuden tokian utzi balira! Arrasto berari heldu zion Gasteizko Udaletxeko PP alderdiko buruzagi batek duela berrogei urte, martxoaren hiruko gertaeren harira, senide eta hurbilekoei orrialdea igarotzeko eta gaia ahazteko iradoki zienean... bidegabe hil zituztenak behar baitira ahaztu, inoren barruak -batez ere diktaduraren arrimuan eroso bizi izan direnena- astindu ez ditzan, hamarkadetan ukatu zaien oroimena eta duintasuna -ez besterik- eskatzen ari direnean.

Aurreko astearen bukaeran, Eusko Jaurlaritzak frankismoaren biktimei erakundeen aitorpena eskaini die, horietako askok, duela laurogei bat urte eta ondoren, zuzenean jasan zuten diktaduraren atzaparkada edota hurbilekoak galdu zituzten, justifikaziorik, zuribiderik ez duten ekintzetan. Askok gorpuak ez zituzten berreskuratzeko modurik izan, hainbati dolua erakusteko aukerarik ere ez zitzaien eman... zenbaitek, egun seinalatuetan, gaueko ordu txikietan, galdu zituztenei ezkutuan egin zieten omena hamarkadetan... baina oroimenean izan dituzte hasieratik, egunero, aldioro.

Lehendakariaren aurrean zeuden bidegabe sufritu dutenak, behintzat geratzen direnak. Herri honek gutxienez aitormen hori zor die. Areago Espainiako eskualde ugaritan diktadurak eragindakoak ahaztu eta biktimei bizkarra erakusten ari zaienean... bai heldu horiek behar ditugu gogoan hartu, jasan behar izan zutena gizarteratu eta urteetan erakutsi duten osotasuna azpimarratu, gure iragan hurbilaren lekukoak direlako... gu ez garelako ezer haiek gabe... eta duintasunaren testigantza ematen digutelako. Haien ondoan egon behar dugu gainean daramaten zamaren aringarri!

Pasa den igandean, 1937an hildako gudari baten gorpuzkiak atera dituzte Lemoan, Lemoatx mendian. Hara hurreratu gara talde bat, ikurrinak eskuetan ditugula. Sasitzak hartu duen eremuan Arantzadikoak daude, inguruak garbitzen, momentuz izenik ez duena maitekiro azaleratzen. Han dagoen Euzko Gudarosteko gudaria oroimenean eduki nahi dugu, zein den ez dakigun arren... inork ez baitio sekula lore-sortarik jartzeko modurik izan, bonba batek leherrarazi zuen gorpua non zegoen ez genekien eta. Zuen guztia, bizitza galdu zuen askatasunaren alde eta bidegabekeriaren kontra, guztion alde borrokan zebilela.

Besteak beste Sabino Arana Fundazioko presidenteak, Juan Mari Atutxak hitza hartu eta inoiz gertatu behar ez zuena, gerrak zapuztutako esperantzak, eragindako triskantzak, ekarririko ondorio kaltegarriak, gaindiezinak izan ditu hizpide... berriro zulo berean hanka sar ez dezagun, errepika ez dadin... eta sasien artean hilotz geratu zenaren eta frankismoaren biktimen duintasuna azpimarratu du, iraganean izan zutena... eta beti izan dutena.