Liga txapelketako azken txanpan sartuta, partiduak irabaztea eta puntuak eskuratzea da konturik garrantzitsuena, ondo jokatzea eta ikuskizuna eskaintzea bigarren maila baten itxita. Athleticek irabazi egin behar eban Celtaren aurka eta hiru puntuak Bilbon geratu dira. Lehiaketea amaitzeko jardunaldi biren faltan, Ernesto Valverderen taldea sailkapeneko bosgarren postuan dago eta aldeko gol averagea dauka bere aurkari nagusiagaz. Hori gitxi balitz, Sevilla sei puntura geratu da sailkapeneko zazpigarren postuan. Kontuak kontu, Athleticek esku eskura dauka Europako League taldeen faserako txartela eskuratzea. Aduriz eta Raul Garcia, taldeko lider bien ekarpena erabakigarria izan zen garaipenerako.

Denboraldiko hirurogeigarren partidu ofiziala jokatu eben zuri-gorriek domekan San Mamesen. Esan beharrik ez dago Valverderen gizonek igarri egiten dabela denboraldi luzearen zama astuna. Aste honetan, entrenatzaileak azken entrenamendura arte itxaron behar izan dau De Marcos, Aduriz, Williams eta Eneko Boveda jokatzeko moduan egozan jakiteko. Neke kontuak alde batera itzita, Celtaren aurkako partiduak ezustean harrapatu eban San Mameseko zaleria. Berizzoren taldea goitik behera nagusitu jakon etxeko taldeari arlo guztietan. Alde batetik, zuri-gorriak ez ziren gauza izan arriskurik sortzeko talde galiziarraren atean. Baloi galduen estatistikea loditu besterik ez eben egin. Erasoan ezinean ibilteagaz batera, Valverderen gizonak galduta ibili ziren atzealdean Nolito, Aspas eta Orellanak osatutako hirukote zorrotza geratzeko. Galiziarren golaren jokaldia oso esanguratsua izan zen. Orellanak erraz hartu eutsen bizkarra Athleticeko atzelariei eta gura beste denbora euki eban baloia ondo prestatu -hiru bote emon ebazan- eta Iraizozen atea zulatzeko. Zuri-gorriak begira geratu ziren. Partiduko lehen ordu erdian Celtak erakutsitako nagusitasuna ikusita, laino baltzak nagusitu ziren San Mames ganean.

Ernesto Valverdek partidu aurreko prentsaurrekoan esan eban lez, Celtaren aurka galtzea kolpe ikaragarria izango zen zuri-gorrientzat, bosgarren postua eskuratzeko aukerak ia desagertu egingo zirelako. Ba ontzia hondoratzen hasita egoanean, taldeko liderrak agertu ziran egoereari buelta emoteko. Aritz Aduriz titular izan zen Celtaren aurka azken partiduetan lesionaturik egon ostean. Normalean baino gitxiago sartu zen jokoan eta nabaria zen ez dagoela sasoi betean. Aurrelari zuri-gorria, baina, erabakigarria izan zen domekako lehian. Ustez arrisku handirik ez eukan baloi luze baten Adurizek bizkarra hartu eutson Gustavo Cabrali eta honek penalti egin eutson. Donostiarrak ez eban huts egin eta ligako hamazortzigarren gola sartu eban. Handik gitxira, Celtako atzelari argentinarrak hamar gizonegaz itzi eban bere taldea txartel gorria merezimendu osoz ikusita. Esan beharrik ez dago partidua goitik behera aldatu zela.

Bigarren zati osoa eukien Valverderen gizonek bigarren gola sartu eta garaipena eskuratzeko. Zuri-gorriek gorputz eta arima ipini eben zelai ganean baina gogoa ez zen nahikoa aurkariaren atea zulatzeko. Williams eta Iturraspe zelairatu ebazan entrenatzaileak taldearen erasoko jokoa indar-tzeko baina hasieratik zelaian egoan jokalari baten eskutik iritsi zen garaipenaren gola. Raul Garciak ezin izan eban errematatu eskuinetik egindako erdiraketea eta lurrean jesarrita geratu zen bere markatzaileagaz. Lurretik bertatik sareetara bialdu eban baloia Celtako atezainaren ezustekorako. Raul Garcia eta Aduriz lako jokalariek bakarrik sartu daikiez horrelako golak. Kontuak kontu, urrezko garaipena lortu eban Athleticek. Zuri-gorriek ez eben ondo jokatu eta erabat menderatuta egon ziren lehen ordu erdian. Azkenean, baina, urrezko hiru puntuak Bilbon geratu dira eta horixe da garrantzitsuena.

Valverderen taldeak bere eskuetan dauka bosgarren postua eskura-tzea. Horretarako ezin dabe huts egin Las Palmasen aurka. Quique Setienen taldeak ez dauka ezer jokoan eta presio barik ekingo deutso partiduari. Insular estadioa ez da edozein Athletic zaleontzat. Goikoetxea, Sarabia, Dani eta enparauek liga eskuratzeko urrats garrantzitsua emon eben bertan 1-5 irabazita. Denboraldi bikain hau biribildu egin behar da.