Athleticek jokatu dituen azken partidu biak oso oparoak izan dira zuri-gorrientzat. Sevillan irabazi arren, Ernesto Valverderen taldeak ez eban saririk lortu eta Europatik kanpo geratu da. Edozelan be, eta Europa Leagueko final aurrekoak jokatzeko aukera barik geratu arren, Sanchez Pizjuaneko partiduak balio itzela dauka. Izan be, Athleticeko zale izatearen sentimenduari indar itzela emon deutso-eta jokalariek zelai ganean erakutsi eben jarrera bikainak. Ia arnasa hartzeko asti barik, lehoiek La Rosaledan jokatu behar eben. Hamaikakoan titular asko falta arren, Valverderen gizonek hiru puntuak eskuratu eta sailkapeneko bosgarren postuan kokatu dira liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan. Zazpigarrena bost puntura dago eta Txapeldunen Ligako postua seira. Ezin jako gehiago eskatu Athletici. Gure harrotasuna puztuta dago erabat.

Athleticeko jokalariek aho asko isildu dabez azken partidu bietan egin eta lortu dabenagaz. Rayo Vallecanoren aurka joko makala erakutsi ondoren, asko izan ziran Valverderen mutilak gasolina barik geratzen ari zirala esan ebenak. Sevillaren aurkako partiduaren atarian emoten eban zuri-gorriek ez eukiela aukerarik Europa Leaguen aurrera egiteko eta ligan larri ibiliko zirala zazpigarren postuari eusteko. Aurreikuspenak negar egitekoak ziran, katastrofikoak, antza. Aitortu behar dot nik neuk be ez neutsala aukera handirik emoten Sevilla kanporatzeko, San Mameseko 1-2koa zama handiegia zalako. Ba, Ernesto Valverderen gizonek harrituta itzi ginduezan Sanchez Pizjuanen. Zuri-gorriek menderatu egin eben egungo Europa Leagueko txapelduna bere etxean, bere gotorlekuan. Ganera, aurkaria baino indartsuago iritsi ziran luzapenera. Zoritxarrez, zortea Sevillaren alde egon zan penaltietan eta kanporaketako jokalaririk onena zigortu eban.

Europa Leaguetik kanporatuta geratzeko modua krudela izan bazan be -Athleticek merezimendu guztiak egin ebazan sailkatzeko- nik holan gura dot kanporatuta geratzea: partidua irabazita, aurkaria menderatuta eta bikain jokatuta. Partidua amaitu ostean sentimendu bi neukazan borrokan: alde batetik haserrea eta mina Europatik kanpo geratzeagaitik eta bestetik sekulako harrotasuna geure taldeak emon eban erakustaldiagaitik. Egia esateko, bigarren sentimendu honek lehenengoak baino indar gehiago hartu eban. Sekula ez dogu ahaztuko Sanchez Pizjuaneko partidua.

Sevillakoa lako partiduetan ezinbestekoa da taldeko liderrak agertzea eta Athleticeko liderrek ez eben huts egin. Adurizek sartu eban lehenengo gola eta Raul Garciak sartu eban kanporaketea bardindu ebana. Beñatek ez eban golik sartu baina bikain zuzendu eban ontzi zuri-gorria. Aurrelaria lesionatu egin zan partidua 1-1 egoanean eta inork ez eban txakur txikirik emoten Athleticen alde. Baina orduan agertu zan Raul Garcia burdia sakatzeko. Jokalari nafarrak lan itzela egin eban Sanchez Pizjuanen eta erabakigarria izan da La Rosaledan lortutako garaipenean.

Sevillakoa itzela izan bazan, Malagaren zelaian eskuratutako hiru puntuek urrearen balioa daukie. Batetik, oso garrantzitsuak diralako sailkapenerako eta bestetik taldeak barriro be erakutsitako jarreragaitik. Atsedena hartzeko asti barik, hamaikako erdia aldatuta eta Aduriz, Williams, Sabin Merino eta Laporte barik irabazi eban Athleticek Malagan. Barriro dinot ezin dala gehiago eskatu.

Atletico de Madrid dator bihar San Mamesera. Aurkari gatxa baino gatxagoa, bai, baina irabazteko modukoa. Horretarako, jakina, Atheticek bere jokorik onena atara beharko dau. Baina horregaz batera, zaleriak bultza egin behar deutso burdiari. Katedrala irakitan egon behar da, Sanchez Pizjuan, La Rosaleda edo Vicente Calderon egoten diran moduan. Gure taldeaz harro gagozala erakutsi behar dogu bihar San Mamesen.