aTHLETICEK irabazteko premia eukan Rayo Vallecanoren aurka eta hiru puntuak San Mamesen geratu dira. Horixe da domeka iluntzean Katedralean jokatutako partidutik atara daiteken ondorio positibo bakarra. Eta ez da gitxi. Sailkapenera begiratuta, Athletic seigarren postuan dago, bosgarrenarengandik puntu batera eta hiru puntuko aldea kentzen deutso zazpigarrenari. Ganera, sei jardunaldiren faltan, zortzigarrena hamar puntura itzi dau Valverderen taldeak. Irakurketa kuantitatiboa alde batera lagata, Athleticek partidu negargarria egin eban Rayo Vallecanoren aurka. Ernesto Valverdek esan dau ez dagoala kezkatuta baina berak inork baino hobeto daki taldeak joko maila makala emon dauela ligako azken partiduetan. Ez da harritzekoa. Izan be, edozein balorazino egiteko orduan oso kontutan euki behar da Athleticeko jokalariek joan zan urteko uztailaren 30ean jokatu ebela lehen partidu ofiziala eta ordutik berrogeita hamabost norgehiagoka jokatu dabezala. Normala da gora beherak eukitea jokoan eta errendimendu fisikoan. Kontuak kontu, ze garrantzitsua dan irabazten jakitea txarto jokatzen danean be.

Futbol partidu baten atezaina danean taldeko jokalaririk onena garbi dago talde horrek ez dauela partidu ona jokatu. Ba, Gorka Iraizoz izan zan Athleticeko jokalaririk onena Rayo Vallecanoren aurkako lehian. Horrek garbi erakusten dau Ernesto Valverderen taldea ezinean ibili zala Paco Jemezen taldearen aurka. Horregaz batera, Athleticeko entrenatzaileak sarritan erabili eban zortea berbea partiduaren balorazinoa egiteko orduan. Beraz, esan beharrik ez dago talde zuri-gorriak ez ebala meritu handirik egin hiru puntuak eskuratzeko. Beste era batera esanda, Rayo Vallecanok ez eban galtzea merezi Katedralean.

Valverdek aitortu dauenez, ikara handia sortzen eutsan domekako partiduak. Aurreko eguenean Sevillaren aurka intentsitate itzeleko partidua jokatu eta galdu ostean, jokalariak ikututa geratu ziran fisikoki eta moral aldetik. Errekuperatzeko asti barik, zelaian ziran barriro Rayo Vallecanori aurre egiteko. Valverdek apostu arriskutsua egin eban taldea barrindartzeko asmoagaz. Entrenatzaileak sei aldaketa egin ebazan hasierako hamaikakoan eta ordezkoen aulkian itzi eban taldearen bizkar hazurra: Aduriz, Beñat eta San Jose. Normala danez, taldek igarri egin ebazan aldaketak eta ezinean ibili zan lehen zati osoan. Hori bai, joko eskasa erakutsi arren, jokalariek gorputz eta arima ipini eben bedartzan. Hiru puntuak galtzeko arriskua ikusita, Valverdek arestian aitaturiko hirukotea zelairatu eban. Egoerea ez zan askorik aldatu jokoari jagokonez, baina Iñaki Williamsek sarturiko golak garaipenerako bidean ipini eban taldea. Luze egin jakon bigarren zatia Athleticeri. Ez da ohikoa Valverde bere onetik atarata ikustea eta atzealdean egindako huts batzuk sutan ipini eben entrenatzailea.

Hilabete geratzen da denboraldia amaitzeko eta zuri-gorriek euren eskuetan daukie denboraldia biribiltzea. Biribiltzea dinot ze orain arte egindakoa oso ona izan da-eta. San Mames erabakigarria izango da. Valverderen taldeak Atletico Madril, Celta eta Sevilla hartuko ditu etxean. Entrenatzaileak garbi esan dau asko eskertzen dabela zaleriaren babesa eta berotasuna. Alde horretatik, zer edo zer egin behar da Katedraleko giroa berotzeko. Taldearen onerako izango da.

Azterketa gatxa dauka Athleticek etzi Sevillan. Talde zuri-gorriaren joko bolada txarra ikusita eta Emeryren taldeak etxean erakutsi dauen sendotasuna eta 1-2ko aldea daukala kontutan izanda, ezusteko handia litzateke zuri-gorriek aurrera egitea Europa Leaguen. Ea Athleticek bere aurpegirik onena erakusten dauen.