athleticek aukera bikaina galdu dau azken jardunaldian aspaldiko partidurik makalena jokatuta. Zuri-gorrien aurkari nagusiek Europarako borrokan, Sevillak eta Vila-realek, Real Madrid eta Bartzelonaren aurka jokatu behar eben eta lojikoena biek galtzea zan. Athleticek Espanyol menderatu ezkero, sailkapeneko bosgarren postuan kokatuta helduko zan atsedenaldira, laugarrenarengandik hiru puntura. Hipotesi gehiegi. Ernesto Valverderen taldea ez zan gauza izan Espanyolen zelaian irabazteko azken hamazortzi denboraldietan gertatu dan legez. Kontuak kontu, sailkapenean gorantz barik beherantz egin dau Athleticek Celtak aurrea hartu deutsolako. Talde zuri-gorriak ez eban partidu ona jokatu eta apurtu egin dau azken lau jardunaldietako bolada ona. Valverderen gizonak erdi lotan zelairatu ziran bigarren zatian eta etxeko taldeak ederto baliatu zituen bere aukerak. Taldearen ibilbide erregularra ikusita ezustekoa izan da Espanyolen zelaian gertatutakoa. Mestallan eta Cornella-El Praten ikusitakoa ikusita, ligako etena ezin hobeto etorriko jako talde zuri-gorriari denboraldiko azken txanpara begira.

Ernesto Valverdek aldaketa ugari egin ebazan hasierako hamaikakoan aurreko eguenean zelairatu ebaganaz alderatuta. Gauza bera egin eban Betisen aurkako partiduan San Mamesen eta gauzak ezin hobeto atara ziran. Cornella-El Praten ondo hasi ziran gauzak Valverderen taldearentzat Jabi Erasok sareetara bidali ebalako baloia hogeigarren minutuan. Erasoan gauza handirik egin ez arren, zuri-gorriek ondo kontrolatu eben aurkaria. Edozelan be, Gerard Morenok burukomin bat baino gehiago sortu eutsen Laporte, Etxeita eta enparauei.

Partidua ondo bideratuta egoala uste genduanean iritsi zan zuri-gorrien gainbehera. Perikitoek gogotsu ekin eutsoen bigarren zatiari eta gauza handirik egin barik irauli egin eben partidua, Diopek eta Caicedok sartutako golei esker. Hiru minututan ezer ezean geratu ziran partidua irabazteko aukerak. Espanyolek sartutako gol bietan Athleticek ez eban bape ondo defendidu. Erasok partidua amaitu ondoren aitortu eban lez, zuri-gorriak erdi lo itzuli ziran zelaira aldagelatik. Hori ezin da onartu, are gehiago hiru puntuek hain garrantzi handia daukienean.

San Jose, Beñat eta Raul Garcia zelairatu zituen Ernesto Valverdek okertutakoa arteztu gurean baina zuri-gorriak ez ziran gauza izan Espanyolek bere atezainaren aurrean jarritako gisa hesia gainditzeko. Valentzian gertatu zan moduan Valverderen taldeak muga handiak erakutsi zituen aurkariaren atea erasotzeko orduan. Ez eban alternatibarik aurkitu. Mestallan Adurizek salbatu eban taldea. Domekan ez zan salbatzailerik agertu eta Athletic esku hutsik itzuli da Bilbora.

Ez dogu argi gorria biztuko zuri-gorriek azken partidu biak galdu dabezalako, ez. Baina egokia eta beharrezkoa litzateke Valverdek eta bere gizonek autokritika egitea Valentzian eta Bartzelonan partidu makalak jokatu ditue eta. Liga txapelketak eukiko dauen etenak ederto etorriko jako taldeari denboraldiko azken txanpara begira. Gauza asko dagoz jokoan eta Athleticek badauka zeresan Ligan zein Europa Ligan. Hori bai, Valverderen taldeak bere mailarik onena emon beharko dau lehiaketa bietan jarritako helburuak bete ahal izateko. Espanyolen aurkako partiduan gertatutakoa ezin da errepikatu.

Azken astegoiena iluna izan da benetan Athleticentzat. Domeka goizean gizonezkoen zein emakumezkoen taldeek galdu egin eben Bartzelonan eta Vallecasen. Hori gitxi balitz, arratsaldean Tarragonako Nasticek jipoitu egin eban Bilbao Athletic San Mamesen. Zigandak esan dauen lez, ez dago besterik: sendo eutsi masteari eta aurrera segidu.