aTHLETICEN bolada onak ez dauka etenik eta Ernesto Valverderen taldeak ez dau huts egiten Liga txapelketan zein Europa Leaguen. Hortxe dagoz azken bost partiduetan lortutako garaipenak, hamairu gol sartu eta bi bakarrik jasota. Zuri-gorriak argi eta garbi erakusten dabilz sasoi betean heldu dirala denboraldiko azken txanpa erabakigarrira. Ganera, Athleticeko entrenatzaileak hamazortzi jokalari erabili dauz azken partidu bietan eta guztien errendimendua bikaina izan da. Talde lanaren indarra. Kontuak kontu, ezin deutsagu gehiago eskatu Valverderen koadrilari.
Betisen aurkako partiduak ikara apur bat sortzen eban. Merinoren taldeak erregulartasun handia erakutsi eban aurreko hamar jardunaldietan eta behetik gora zetorren taldea zala emoten eban. Beste alde batetik, Athleticek sekulako esfortzua egin behar izan eban aurreko eguenean, Valentziaren aurka eta San Mamesko basatzearen aurka. Ernesto Valverdek konfiantza handia dauka bere jokalariengan eta zazpi aldaketa egin ebazan hasierako hamaikakoan, Beñat, Aduriz, Etxeita eta Oscar de Marcosi atsedena emonda. Ohiko titularren lekuan jokatu eben, Bovedak, Gurpegik, Lekuek, Mikel Ricok eta Sabin Merinok erantzun bikaina emon eutsen entrenatzaileak jarritako konfiantzari. Bateren bat nabarmentzekotan beste guztien ganetik Sabin Merino litzateke. Urdulizkoak ederto baliatu eban aukerea eta bikain jokatu eban Adurizen lekuan. Williamsen lesinoak Sabin Merinoren eztandea ekarri dau. Eta zer esan Mikel Ricoren ganean. Edozein entrenatzailek bere taldean euki gura dauen jokalaria da.
Nire zalantzak eta bildurrak laster desagertu ziran Athleticek lehen segundutik erakutsi eban jarrerea ikusita. Izan be, zortzi segundu bakarrik behar izan ebezan zuri-gorriek lehen jaurtiketea egiteko Betisen atera Markel Susaetaren eskutik. Hortik aurrera Valverderen taldea goitik behera nagusitu jakon aurkariari. Egia esateko, inork uste baino errezago irabazi eban Athleticek Betisen aurkako partidua. Irabazi beharreko norgehiagoka zan, aurretik Sevillak eta Celtak -Europarako aurkari nagusiak- garaile izan zirala ikusita. Ganera, beti errepikatzen doten lez, sailkapeneko goialdean amaitu gura dauen taldeak ezin dau huts egin etxeko partiduetan.
Athleticek aspaldian erakutsi dauen maila bikaina eta sendotasuna ikusita baikor egon gaitekez etorkizunera begira. Zuri-gorriak seigarren dagoz sailkapenean, bosgarrena, Sevilla, puntu bakar batera dago eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauen laugarren postua -Vila real- sei puntura dago. Hurrengo jardunaldira begiratuta, Marcelinoren taldeak Bartzelonaren aurka jokatuko dau El Madrigalen eta Emeryren gizonek Santiago Bernabeun jokatuko dabe. Kontuak kontu, Athleticek Espanyolen zelaian irabazten badau eta aitatutako aurkariek galtzen badabe -normalena Bartzelona eta Real Madrid garaile izatea li-tzateke- zuri-gorriak sailkapeneko bosgarren postuan kokatuko lirateke, laugarren postutik hiru puntura, zortzi jardunaldiren faltan. Ganera, zortzi partidu horreetatik bost San Mamesen jokatuko dauz Athleticek eta lehenengo biak erreskadan Granada eta Rayo Vallecanoren aurka. Badakit oso urrun joan nazela baina zer gura dozue esatea, Athletic zelan dagoan ikusita aurreikuspenak oso onak dira. Gure eskuetan dago.
Topikoa bada be, partiduz partidu joan behar da eta Athleticek azterketa gatxa dauka etzi Mestallan. San Mamesen lortutako 1-0ekoa emaitza ona bada be, Valverderen gizonek mailarik onena emon beharko dabe lehertzeko zorian dagoan Valentziaren aurka. Nevilleren taldea iparra galduta badago be, Valverdek dinoan lez, jokalari onak ditu eta arriskutsua izan daiteke. Edozelan be, Athleticek bere mailarik onena emoten badau Europa Leagueko final laurenetan egongo da ezelango zalantza barik.