Zelan aldatzen diren gauzak zazpi egunetan. Realaren aurka galdu ostean Athletic joko barik eta nekatuta egoala emoten eban. Krisi hotsak entzuten ziren. Zuri-gorriek, ostera, irabazi egin dabez Liga txapelketako hurrengo hiru partiduak eta nagusitasun handia erakutsita ganera. Bederatzi puntu, bederatzi gol alde eta bakarra aurka, Valentzia, Deportivo eta Sportingen aurka. Hamar jardunaldi gera-tzen dira Liga txapelketa amaitzeko eta Ernesto Valverderen gizonek erakutsi dabe egoera ezin hobean heldu direla denboraldiko tarte erabakigarrira. Bolada onak jarraipena euki dagiala.
Ahleticeko entrenatzaileak beti esan izan dau Liga txapelketea dela lehiaketarik garrantzitsuena. Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketari ekiteko zorian egon arren, Ernesto Valverdek bere hamaikakorik indartsuena zelairatu eban Molinonen. Hile bi inguru geratzen dira denboraldia amai-tzeko eta aurrerantzean ez dot uste entrenatzaileak aldaketa handirik egingo dauenik talde titularrean. Errotazinoak egiteko sasoia amaitzera doa. Valverdek hiru puntuak lortu gura ebazan eta bere arma guztiak ipini ebazan Sportingen zelaian.
Hasiera hasieratik garbi geratu zan Athletic aurkaria baino askoz gehiago zala joko aldetik. Iraizozek gol bakarra jaso dau azken hiru partiduetan. Atzealdeko laukotea gero eta sendoago dabil eta San Josek lan asko kentzen deutse erdialdean egiten dauen lan bikainagaz. Erasora begira, Beñat denboraldi itzela, bikaina egiten dabil. Ontzi zuri-gorriko lemazaina da. Eta aurrealdean, zer esango dogu Aduriz, Raul Garcia, Muniain eta Susaeta laukotearen ganean. Poker bikaina osatzen dabe, Sabin Merino eta Iñaki Williams ahaztu barik. Egia esateko, Athleticek ez eban partidu bikaina jokatu Molinonen baina irabazteko egin beharrekoa egin eban. Oso serio atzealdean eta eraginkor aurrealdean, talde handiek egiten daben modura. Ganera, goleatzaileen zerrendea zabalduz doa. Izan be, Beñatek eta De Marcosek euren lehenengo golak sartu ebezan domekan Gijonen.
Bide luzea geratzen da oindino baina itxaropentsu eta baikor egoteko arrazoiak emon deuskuez Valverderen gizonek. Liga amaitu arteko partidu guztiak gatxak izango badira be -talde guztiek daukie zer edo zer jokoan- Athleticek faktore ugari ditu alde azken txanpa bikaina egiteko. Hasteko, hamar partiduetatik sei San Mamesen jokatuko dauz eta Celta eta Sevilla Katedralera etorri behar dira. Hurrengo lau aurkariak, Betis, Espanyol, Granada eta Rayo Vallecano, irabazteko modukoak dira. Badakit mailari eusteko borrokan ari diran taldeak oso arriskutsuak bilakatzen dirala baina sailkapeneko goialdean amaitu gura dauen taldeak bere nagusitasuna erakutsi behar dau horrelako aurkarien kontra, eta are gehiago lau norgehiagoka horreetatik hiru San Mamesen jokatuko dirala kontuan izanda.
Europa Leagueko beste partidu bat jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen, denboraldi honetan jokatzen dauen hamairugarrena hain zuzen be. Valentzia ez da aurkari samurra izango. Kontrakoa pentsatzea oker itzela litzateke. Garbi dago Nevillek zuzen-tzen dauen taldea ez dagoala sasoirik onenean baina jokalari onak ditu plantilan. Ganera, Ligan ez dauka zereginik eta bere indar guztiak Europa Leaguen ipiniko dauz.
Ezin amaitu, Ernesto Valverderen kontratu barritzearen ganeko hausnarketatxo bat egin barik. Eretxiak eretxi, Valverde Athleticek gaur egun euki leiken entrenatzailerik onena da ezelango zalantza barik. Hasteko, tekniko bikaina da eta hortxe dagoz hiru denboraldiotan egindakoa. Beste alde batetik, inork baino hobeto ezagutzen dauz jokalariak eta zer eskatu leikion bakoitzari. Horregaz batera, giza mailan eredugarria da. Pertsona bikaina goitik behera. Urte askotarako Ernesto.