EGUN korapilatsuak ditugu aurretik eta atzetik. Albistegia beltz dator, saminez beterik, etsaien kontrako ahots altuz esaniko elez, airean astintzen diren ukabilez, justizia eskakizunez, etorkinez.
Aste honetan ere baina aspaldi batean, izugarrikeria gertatu zen Euskal Herrian, nekez ahazten den horietariko bat. 1976ko martxoaren 3an Espainiako poliziak sarraskia egin zuen Gasteizen. Egun hartan, bost langile erail eta ehun zauritu baino gehiago ere eragin zituen. Urte dezente iragan dira, eta hala eta guztiz ere kaltetuek justizia eskatzen jarraitzen dute, politikari gorren desertuan predikatzen baleude bezala.
Eta betiko Espainian, politikari berberak ez dira entenditzen. Bakoitzak bestea baino gehiago izan nahi du, soberbia barreiatu menekoen artean. Erreforma politikoari, etorkizunaren aldaketari ateak zabaldu beharrean, begiak eskumara eta ohiko ideia fosilizatuetara lerratu dituzte berriz, eta espero zen bezala, Sanchezek ez du presidente izateko babesa nahikorik erdietsi inbestidura saioan.
Egia esan, ez dirudi presidentea izateko kasta daukanik; nik bederen, ez diot antzematen, betiko photoshop atenporal batean bizi dela ematen baitu. Ciudadanos alderdiaren babesarekin joan zen politika egiten den oilategira, eta guztien asperduraren aurrean, esperantza gutxirekin, balizko eginkizunak haizatu zituen. Ikusgarriak izan ziren Mariano Rajoyk bota zizkionak, eta presidentegaiak bueltan itzuli zizkionak. Eta are boteretsuagoak Iglesiasek leporatu zizkionak laranja koloreko alderdiarekin akordioa izenpetzeagatik. Riverak ateak zabalduko dizkio PPri eta Sanchezek amore eman beharko du gero. Podemoseko ordezkariak esan zuen bezala, edozein egunetan langileek eskatuko diote sigletatik kentzeko sozialistaren S eta obreroren O. Baliteke horrela izatea.
Eta aurretik ere baditugu egun bereziak. Datorren astean, martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Ekitaldi ugari izango dira toki askotan, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lor-tzeko oztopatzen duten mila elementu azaleratzeko eta ikusarazteko. Hortaz, justizia eskatzen jarraituko dugu.