GARRANTZI handiko garaipena eskuratu eban Athleticek Mestallan liga txapelketako azken jardunaldian eta bide batez poztasun ikaragarria emon euskun zaleoi. Alde batetik hiru puntuak ezinbestekoak dira Europarako postuetan sailkatzeko borrokan jarraitzeko Celta eta Sevillarekin batera. Bestetik, zuri-gorriek hiru jardunaldi eroiezan Ligan garaipenik lortu barik eta bolada txarra bertan behera geratu da Mestallan. Ganera, Athleticek Valentziaren aurka jokatuko dau Europa Leagueko final zortzirenetako kanporaketea eta 0-3koa kolpe sikologiko gogorra izan daiteke Gary Nevillen mutilentzat. Bizirik dagozala erakutsi dabe lehoiek berrogetasei partidu jokatu izanaren zama lepo ganean izanda be.
Aitortu behar dot ez nebala gauza onik itxaroten Mestallako partidutik. Benetan dinot. Izan be, aurreikuspenak ez ziren bape onak. Alde batetik, Raul Garcia zigortuta, Williams lesionaturik eta Aduriz ikututa. Ganera, taldearen jokoa nahiko makala izan da aurreko partiduetan, Olympique kanporatu arren. Beste alde batetik, Valentzia behetik gora etorren, Ligako azken partidu biak irabazi eta Europa Leagueko kanporaketan Vienako Rapid 10-0 emaitzeagaz menderatuta.
Esan beharrik ez dago, eta Valverdek sarritan gogoratzen dau, partidu bateko emaitzak goitik behera baldintzatzen dauela ondorengo balorazioa. Athleticeko entrenatzaileak zazpi aldaketa egin ebazan hamaikakoan aurreko eguenean zelairatutakoagaz alderatuta. Elustondo eta Rico zelai erdian eta Muniain aurrealdean, Adurizen lekuan. Apostu ausarta baina egin beharrekoa. Lehen zatian zuri-gorriek eutsi egin eutsoen Valentziari Alvesen atean ia arriskurik sortu barik. Bigarren zatian partidua bide beretik joian Ernesto Valverdek aldaketak egitea erabagi eban arte. Beste hainbat partidutan aulkitik urtendakoek ez dabe ezer aldatu baina Mestallan Mikel San Jose eta Adurizen zelairatzea erabakigarria izan zen zuri-gorrien garaipenerako. Atarrabikoa agintzen hasi zen zelai erdian eta berak sortu eban lehen gola; baloia lapurtu, erasoko jokaldia hasi eta ondo erdiratu Sabin Merinok sareetara errematu egian. Urdulizko aurrelaria zorrotz dabil aspaldiko partiduetan. Berak sartutako golak sailkatu dau taldea Europa Leaguen eta berak zabaldu eban garaipenerako bidea Mestallan.
Beste izen propio bi be azpimarratu gurako neukez. Mikel Ricok hamar partidu bakarrik jokatu dauz aurten Ligan eta gitxitan izan da titular. Arrigorriagakoak lan itzela egin eban Mestallan eta ondo erantzun eutson entrenatzaileak beregan jarritako konfian-tzeari. Beste alde batetik, Iker Muniainek erabat errekuperatuta dagoala erakutsi eban eta esan beharrik ez dago Txantreakoaren parte hartzea oso garrantzitsua izango dela denboraldiko azken txanpan.
Mestallan lortutako garaipen handiak ez gaitu itsutu behar. Taldea ez dago bere sasoi onenean eta horregaitik da hain garrantzitsua Valentziako emaitza. Hamabi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek San Mamesen jokatuko dauz zazpi partidu. Lehenengoa, bihar bertan Deportivoren aurka. Zuri-gorriek gotorleku bilakatu behar dabe Katedrala, bertan jokatuko diren partiduetan dago-eta Europarako txartela. Deportivo, Betis, Granada eta Rayo Vallecano izango dira hurrengo bisitariak. Irabazi beharreko partiduak laurak. Ostean, norgehiagoka erabakigarriak etorriko dira Atletico Madrid, Celta eta Sevillaren aurka. Lehoien eskuetan dago.
Mestallakoa ez da asteburuko poztasun bakarra izan. Kuko Zigandaren Bilbao Athleticek bizirik jarraitzen dau bigarren mailan eta Ponferradina menderatu ostean, Cordobaren bila joango dira zapatuan San Mamesen. Eta zer esango dogu emakumezkoen taldearen ganean. Zortzi jokalari lesionaturik eta Erika zigortuta izan arren, urrezko puntua ekarri eben Bartzelonatik.