porrot mingarria jaso eban Athleticek Realaren aurka San Mamesen. Valverdek dino, partidu bat galtzea mingarria dala beti eta domekan hiru puntuak galdu izana izan zala mingarriena, beste kontu batzuetan sartu barik. Ez deutsat arrazoirik kenduko Athleticeko entrenatzaileari azken baten puntuak diralako garran-tzitsuenak. Baina galtzeko eta galtzeko moduak dagoz eta domekan talde zuri-gorria ezinean ibili zan aurkariari aurre egiteko. Aurten Katedralean ikusi dogun partidurik makalenetarikoa -makalena ez bada- egin eban Valverderen taldeak, beste munduko ezer egin barik nagusitu zan Realaren aurka. Eusebiok asmatu egin eban Athleticen erasoko jokoa deusezteko orduan eta baliatu egin eban euki ebazan aukeretako bat. Esan beharrik ez dago, Valverdek astindu bat emon behar deutsala taldeari eguenean Marseilleko Olympique kanpora-tzeko.
Athletic zale batentzat gogorragoa da bere taldea ezinean ikustea, partidua galtzea baino. Behin baino gehiagotan gure taldeaz harro urten dogu San Mamesetik hiru puntuak galdu arren. Realaren aurka, baina, ezinean ibili ziran zuri-gorriak aurkariaren atean arriskurik sortu ezinik. Eusebio Sacristanek zuzenduriko taldeak eroso jokatu eban Katedralean, aurkaria ondo lotuta eukalako.
Osagarri asko egon ziran lapiko barruan. Lehenengo eta behin, txuri-urdinen entrenatzaileak egindako planteamenduak ito egin eban Athleticen erasoko jokoa. Diego Reyes eta Illarramendi nagusi izan ziran erdialdean eta Jonatas, Vela, Prieto eta Oiarzabalen presinoak luze jokatzera behartu eban etxeko taldea Aduriz salbatzailearen bila. Donostiarrak mirariak egiten dauz baina egunero ez. Beste alde batetik, barriro be Athleticen egitura defentsiboa ez zan sendo ibili eta aurkariak errezegi zulatu eban Gorka Iraizozen atea. Dana dala, ez da bidezkoa errua Gurpegiri botatea. Holako gol ugari jaso dauz Athleticek aurten nafarra zelaian egon barik.
Horregaz batera, etxeko taldeko jokalari gehienak ez ziran bape fin ibili. Denboraldi honetako ia partidu guztietan itzel ibili dan Beñat Etxebarria da adibide garbiena. Arratiarrak gogotsu jokatu eban Realaren aurka baina ez eban asmatu. Falta eta kornerrak ataraten be makal ibili zan, baloia altza ezinik. Eta honen moduan beste batzuk be bai, gehienak. Ez da harritzekoa. Athleticek berrogeita lau partidu ofizial daroaz jokatuta denboraldi honetan. Honeri lotu behar deutsagu Valverderen taldeak ez dauela ganorazko atsedenik hartzeko aukerarik izan Marseilletik bariku goizaldean itzuli ondoren. Hau guztia igarri egiten da. Eta lapikoko osagarriakaz amaitzeko, arbitro jauna aitatu behar dogu. Bere lana ez zan erabakigarria izan baina ez eutson bape lagundu markagailuan atzetik joian taldeari hainbeste falta eta txartel erakutsita, jokoak eten piloa euki ebazan-eta.
Edozelan be, Ernesto Valverde pozik agertu zan taldeak egindako lanagaz, bere ustez jokalarien jarrerea oso ona izan zalako. Horretan be arrazoi osoa dauka entrenatzaileak, bai, baina lehen mailako jokalariei gogoa ipintea baino zeozer gehiago eskatu behar jakela uste dot. Gogotsu, partidu guztietan jokatu beharko leukie baina kontua ez da elastikoa izerdiz beteta amaitutea. Ahaleginagaz bakarrik ez dira partiduak irabazten eta Valverdek onartu behar dau taldeak gabezi handiak erakutsi ebazala Realaren aurkako partiduan.
Buruari bueltak emoteko asti barik Europa Leagueko kanporaketako bueltako partiduari ekingo deutso Athleticek etzi San Mamesen. Frantziako hegoaldean lortutako aldeagaz, zuri-gorriek ezin dabe huts egin. Hori bai, Europa Leagueko final zortzirenetan sar-tzeko, ez da nahiko izango gorputz eta arima ipinteagaz. Jokatu egin behar da.