ATHLETIC esku hutsik itzuli da Bilbora Madriletik. Ernesto Valverderen taldeak ezin izan dau punturik eskuratu Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka jokatutako partiduan. Ez da kontu barria. Estatistikek garbi erakusten dabe coliseum merengea ez dala bape erosoa lehoientzako. Mende honetan talde biek Chamartinen jokatutako partiduetan zuri-gorriak ez dira ia punturik urratzeko gauza izan eta gol zaparrada ederrak jaso ditue. Beraz, zapatu honetako 4-2koak ez gaitu ezustean harrapatu. Edozelan be, partidua zelan joan zan ikusita, Athleticek aukera bikaina galdu eban Bernabeun punturen bat urratzeko. Zuri-gorriak bigun ibili ziran euren atea zaintzeko orduan eta amuts aurkariarena zulatzeko orduan. Holan ezin da menderatu Real Madrid bere zelaian.

Ernesto Valverdek, Aritz Adurizek eta Oscar de Marcosek -aste honetan Lezamako prentsa aretoan berba egin daben hiru zuri-gorriek- azpimarratu egin eben lehen minututik konzentraturik egon behar dala Santiago Bernabeun merengeen zorroztasuna eta eraginkortasuna itzela dalako. Ba, bigarren minuturako Cristiano Ronaldok zulatu egin eban Iraizozen atea. Portugaldarrak ez eban oztoporik aurkitu area barrura sartu, Etxeita ganditu eta gol sartzeko. Athleticen egitura defentsiboak ez eban ondo funtzionau, Zornotzako atzelariak ez eban-eta taldekideren baten laguntzea jaso Ronaldo geratzeko. Hondamendiaren atarian gengozala emoten eban baina Erasok itxaropena itzuli euskun Varanen hutsunea baliatuta.

Hurrengo ordu erdian Ernesto Valverderen taldea nagusi izan zan zelaian eta aukera bikainak galdu ebazan markagailuan aurreratzeko. Zuri-gorriek, baina, ez eben asmatu Keylor Navasen ate aurrean. Santiago Bernabeun ezin da hainbeste parkatu. Labana ondo zorroztuta eroan behar da. Zidaneren taldeak, ostera, ez eban parkatu. Valverdek aurreko astean iragarri eban lez, partidua kontrolpean dakazula uste dozunenean etor daiteke Real Madriden oldarraldia. James Rodriguezi bere betiko jokaldia egiten itzi eutsien zuri-gorriek eta kolonbiarrak Iraizozen ate barruan ipini eban baloia. Lehen zatia amaitzear egoala Kroosek ia erabagita itzi eban lehia area barruan bakar bakarrik errematatuta. Barriro dinot, zuri-gorriak bigunegi ibili zirala merengeen gol guztietan. Kontuak kontu, Valverderen taldea 3-1 galtzen joan zan aldagelara lehen zatian aurkaria baino gehiago izan arren. Entrenatzaileak baeukan arrazoirik hasarre egoteko. Bigarren zatiak ez eban ezer aldatu. Zidaneren taldeak arazo barik eutsi eutsan aldeari eta ganera Ronaldok laugarren gola sartu eban, barriro be zuri-gorrien oztopo handirik aurkitu barik.

Europa Leagueko kanporaketako joaneko partidua jokatuko dau Athleticek eguenean Marseillen eta Valverdek badaki Bernabeun defentsan erakutsitako intentsidade makalagaz gatx eukiko dabela emaitza on bat eskuratzea. Partizanen aurka Beograden jokatutako partidua eredu ona izan daiteke Marseillerako. Zuri-gorriek eskertu egingo dabe Inaki Williamsen itzulera. Europa League irabazteko helburua aitatu dabe Athleticeko jokalari batzuk. Marseillen emon behar dabe lehen urratsa.

Eta astea biribiltzeko, Athleticek Realaren aurkako derbia jokatuko dau domekan San Mamesen. Partidu garrantzitsua arrazoi askogaitik: zuri-gorriek ezin dabe puntu gehiago galdu San Mamesen, hiru puntuak ezinbestekoak dira Europarako sailkatzeko borrokan jarraitzeko eta aspaldiko partez Katedraleko zaleriak merezi dau garaipen garbi bat auzokoen aurka.

Animo Bilbao Athleticeri eta Iker Undabarrenari. Barriro be basamortuan ura aurkitzeko gauza izango dira.