Athleticek bizi-bizirik jarraitzen dau Liga txapelketako sailkapeneko goialdean, borroka bizian Europarako txartela eskuratzeko. Horretarako, baina, ezinbestekoa zan garaipenaren bidera itzultzea eta puntu gehiagorik ez galtzea etxeko partiduetan. Beste era batera esanda, Ernesto Valverderen taldeak irabazi egin behar eban sailkapenean aurretik eukan eta daukan Eibarren aurka. Zuri-gorriek ez dabe huts egin eta garrantzi handiko hiru puntu eskuratzeagaz ganera, konfiantzea berreskuratu dabe Europarako sailkatzeko borrokan jarraitzeko. Iraizoz, Etxeita, Iturraspe, Raul Garcia eta Williams barik lortutako garaipena. Kontuak kontu, euskal derbi ederra ikusi genduan domekan Katedralean: Athletic irabazle, zazpi gol zelaian eta giro bikaina harmailetan zein Bilboko kaleetan.
Athleticen partiduetan gauza asko gertatzen dira aspaldion eta goizetik ganera: penaltiak, txartel gorriak, golak eta abar. Domekan be, San Mamesera hurreratu ziran zale askok ez eben ikusi Eibarrek hirugarren minuturako sartu eban gola. Barriro be, Athleticek egitura defentsiboak huts egin eban, aurkariaria markagailuan aurreratzeko aukera emonda. Zuri-gorriak gol asko jasotzen dabilz Ligako azken partiduetan eta Ernesto Valverdek ikutu barri bat emon gura izan eutsan atzealdeari Eneko Boveda erditik zelairatuta Laporteren alboan, Gurpegi ordezkoen aulkian jesarri eta Etxeita zerrendatik kanpo itzita. Kontua da sarritan hutsak ez dirala kolektiboak izaten,indibidualak baino eta arlo horretan trebea dogu Laporte. Berak bakar bakarrik oparitu eutsan bigarren gola Eibarri eta partiduan sartzeko aukera eskeini. Herrerin be huts handi bat egiteko zorian egon zan. Atezain honek ez deutso lasaitasunik emoten taldeari. Baina huts handiena Saul Berjonek egindakoa izan zan baloia langara bidali ebanean bere taldea barriro aurreratzeko aukerea zapuztuta.
Orokorrean, eta zazpi gol ikusi arren, partidu bikaina izan ez arren, nabarmentzekoa da jokalari batzuren errendimendua. Aritz Adurizek sartu zituan gol biak kalifikatzeko izenondo edo adjektibo guztiak labur geratzen dira: itzelak, sekulakoak, bikainak, izugarriak, ikaragarriak eta abar. Lehenengoan bolea zital bategaz errematatzen dau De Marcosek jarritako baloi gozoa. Bigarrengoan, barriz, ezkerregaz, buelta erdian eta bote arinean bialtzen dau baloia sareetara. Izugarria. Beñat Etxebarriak ez dau golik sartzen baina Athleticen jokoa sortzeko makinaren osagai nagusia da. Horregaz batera, baloiak errekuperatzeko makina bat bilakatu da.
Euskal derbiko irakurketa positiboekaz jarraituta, pozgarria da Iker Muniain gero eta hobeto ikustea. Valverdek hasieratik zelairatu eta nafarrak ederto erantzun eban. Beste alde batetik, aspaldiko Sabin Merinorik onena ikusi genduan. Urdulizkoak gol bategaz biribilbu eban eginiko lan ona. De Marcos, Balenziaga edo San Jose betiko maila onean aritu ziran eta aulkitik urten eban Iñigo Lekuek bizitasuna emon eutsan erasoko jokoari. Mutil honen freskotasuna eskertu egiten da.
Liga alde batera itzi eta Nou Campen jokatuko dau Athleticek bihar kopan. Valverdek esango dau ez dabela kanporaketea galdutzat joten eta ezustekoa emoten ahaleginduko dirala. Hori esan behar dau, bai. Baina joaneko partiduko emaitzeagaz garbi dago Athleticek mirari bat behar dauela Bartzelona kanporatzeko. Txingurrik berak sarritan esaten dauen lez, lehiaketa garrantzitsuena ligea da eta gorde daiguzan indarrak Getaferako, saribako lanetan indarrak erre barik.