Ez da ezustekorik egon Nou Campen Bartzelona eta Athleticen arteko partiduan. Normalean zuri-gorriek ez dabe punturik lortzen blugranen zelaian eta aurten be esku hutsik itzuli dira Bilbora. Beraz, ez deutsagu beste munduko garran- tzirik emon behar Messi eta enparauen zelaian galdu izanari, batez be, partiduko laugarren minuturako Ernesto Valverderen taldea hamar gizonegaz eta 1-0 galtzen jarri zela kontutan hartuta. Munduko talde onenari aurre egitea gaitza bada, zailtasuna biderkatu egiten da epaileak txartel gorria erakusten badeutso atezainari. Ondorio gitxi atara daitekez bigarren itzuliko lehen partidutik.

Bost minututan erabagita geratu zen Nou Campeko norgehiagoka. Bigarren minuturako Valverderen gizonak Claudio Bravoren atea zulatzeko zorian egon ziren baina Javi Erasok ez eban baliatu Piquek egindako oparia. Hurrengo jokaldian, ostera, Bartzelonak apurtu egin eban norgehiagoka. Seguruenik Luis Suarezek falta egin eutson Xabi Etxeitari jokaldi erabakigarri horretan baina garbi dago gogortasun gehiago erakutsi behar dela horrelako borroketan. Mateu Lahozek ez eban faltarik ikusi baina oso zorrotza, zorrotzegia, izan zen Iraizoz zigortzeko orduan eta egotzi egin eban. Hortxe amaitu zen partidua. Sei gol jaso izanak ez dauka garrantzirik, hain goizetik hamar jokalarigaz geratu izanak partidua erabat baldintzatu ebalako. Txalotzekoa da Athleticeko jokalariek erakutsitako duintasuna. Kontuak kontu, partiduak ez dau azterketa sakonik merezi.

Alde positiboren bat be atara behar da Nou Campen jokatutako partidutik, Kopako kanporaketara begira batez be. Athleticeko jokalarientzako oso gogorra izan zen domekako partidua. Baloiaren atzetik korrika eten barik eta dozena erdi gol jaso. Hori gitxi balitz, Nou Campeko zaleria olatuarena egiten ikustea be ez da esperien- tzia gozoa izan. Zorionez, bihar bertan daukie mendekua hartzeko aukera Kopako final laurdenetako kanporaketako joaneko partiduan. Hasteko, Neymar, Busquets, Piquek eta enparauek merezi daben harrerea jaso behar dabe Katedralean. San Mames irakiten egon behar da lehen minututik eta munduko talderik onenak sufridu egin behar dau. Gogoratu egin behar dabe 4-0 galdu ebela Superkopako partiduan.

Zaleriaren jarrerea oso garrantzi- tsua izango da, bai, baina jokalarien eskuetan dago Bartzelonari irabazteko leihoa zabaltzea. Lehoiek motibazio berezia erakutsi behar dabe biharko partiduan. Minduta dagozala agertu behar dabe eta erpak erakutsi lehenengo minututik. Athleticek gogor jokatu behar dau Bartzelonaren aurka. Blaugranak oso onak dira eta ezin jake arnasa hartzeko aukerarik emon. Biharko partiduak ez dau zerikusirik izango Ligakoagaz. Norgehiagoka gogoangarria izango da.

Zortea izatea garrantzitsua da bizitzako arlo guztietan eta futbolean be bai. Egia esateko, Valverderen taldeak jokatu dituen azken partidu bietan -Sevillan eta Bar-tzelonan- gertatutakoa ikusita ezin esan zuri-gorriek zortea lagun izan dabenik. Bada garaia bolada txarrari bueltea emoteko. Aduriz, Iturraspe, Williams eta enparauek erakutsi dabe gauza direla Bartzelonari irabazteko. Gau majikoa izan behar da biharkoa.

Bilbao Athleticek sailkapeneko zulotik urten ezinik jarraitzen dau. Zigandak zuzentzen dauen taldearen egoerea larria bada be, bizirik dago oraindik. Lehoi kumeek ez dabe amore emongo. Bigarren itzuli osoa geratzen da jokatzeko eta zazpi puntura dago bigarren mailari eusteko mugea.

Emakumezkoen taldea dago txanponaren beste aldean. Joseba Agirren taldearen zenbakiak ikaragarriak dira eta lehen itzulia amaitzear dagoanean, sei puntuko aldea kentzen deutso sailkapeneko bigarrenari eta zortzikoa hirugarrenari. Itzela benetan.