GeRRATAN ospea eta boterea irabazitako Julio Zesarek ezarri zuena rostra izenekoa Erromako Foroko mintzategiaren erdian. Izatez, gerrako ontzien branka indartzeko balio zuen bron-tzezko ezproia zen rostra, defentsa nahiz erasorako baliagarria. Poesia bezala, hitza futuroz kargaturiko arma indartsua baita, indartsuena. Rostrara igotzen ziren Asanbladako kideak, eta bertan herria aurrera eramango zuten ideiak eta argumentuak eztabaidatzera elkartzen ziren. Rostra movere esan ohi zuten mintzakideek hitza hartzeko orduan. Haren arrastorik ez da gaur egun, eusten zion harritzarrak baino ez baitu bertan iraun, baina berdin dio: badakigu bertan izan zela, eta denborak batere higatu ez duen funtzio bat, hain justu.
Historiak lezioak uzten dizkigu, testuliburuetan ez bada, hiriko paisaia eta kulturan; geure esku dago horiek ulertzea, aintzat hartzea edo bizkar emanda jardutea. Historiak erakusten digu hitza dela herria aurrera eramaten duena, hitzaren bidez azaltzen direla itxaropena eta ilusioak eta horiexek direla herrien eta herritarren barne-motorrak. Gerran trebaturiko jeneralak bazekien alferrik zirela irabazitako batailak eta mendean hartutako inperioa bera indar hori, motor hori, behin eta berriro abiaraziko ez balitz, eta horretarako hitzak behar ziren, norabidea, partekatutako helmugaren ilusioa.
Erromako Foroa toki aproposa da lezio horietaz jabetzeko. Azken bolada luzean, alta, irudi lezake politika aritmetika kontu hutsa dela barneratu egin dugula, batuketa sinpleek den-dena azaltzen dutela, posible denaren mugak hertsiki marraztuz. Erromatarrek, beste behin ere, argi bereizi zituzten potestas eta autoritas: lehena matematikoki lor daiteke, bigarrena eskuratzeak, ordea, beste bide batzuk urratzea eskatzen du, ideiak, proiektuak eta hitzak partekatzetik gehiago duena batuketa soiletik baino.
Bada garaia, nire ustez, politika berriro bere lekura itzultzekoa. In rostra ascendere.