AZKENEAN gertatu da ezinezkoa zirudiena. Kataluniako Parlamentak gobernuburua izendatu eta azaroaren bederatzian onarturiko bide orria aurrera eramaten saiatzeko, gobernu berra izango du... eta Espainian funtziotan presidentea denak berehala erantzun du adieraziz Espainiako ditxosozko batasuna zalan-tzan jar dezakeen edozer eta edonor jazarri egingo duela, estatuak eskura eman dizkion baliabide guztiak erabilita.
Beste hanka sartze bat, ustezko irmotasunaren erakustaldia berri bat, estatuko sektorerik atzerakoienei begirako keinua eta PSOEri ahalik lasterren koalizio gobernua era-tzeko presio egiteko aitzakia dena... eta bidenabar sekulako gabezia azaleratzen duena. Demokratikoki adierazitako auzi politikoak elkarrizketaren eta adostasunaren bidez bideratzeko gaitasunik eza, hain zuzen.
Kataluniako Legebiltzarrak onarturiko bide-orria garabidean jartzea ez da erraza izango, egin nahi dena arantzaz eta zailtasunez beteriko bide malkarra delako. Zalantza handiak daude herritarren gehiengoak bideak ekarriko dituen arriskuak onartzeko prest dauden. Era berean, kezkatzekoa ere bada herritarren aurrean kontuak eman behar ez dituztenek, bai eta hauteskundeetan aurkeztuz erantzukizunak hartzen ez dituztenek ere, prozesuan zehar hartu duten gehiegizko protagonismoa. Hainbatetan, egin nahi denaren inguruan herritarren gehiengoa dagoenaren itxura eman dezakeelako, gehiengo hori lortzea eginkizun dagoen kontua denean. Nolanahi ere, Espainiako alderdi nagusien itxitasunak ez dio Kataluniari ez eta bertako gizarteari ere beste biderik utzi.
Etengabekoak izan dira PP alderdiak elkarrizketarako egin dituen deiak... baina elkarrizketei jarririko aurrebaldintzek, bai eta Kataluniako gizartearen zati esanguratsu baten aldarria gutxiesteak ere, itxurakerien magalera eramaten dute elkarrizketarako dei hori. PSOE alderdiak ere estatuko egitura berriaz hitz egiten duen bakoitzean, bere gabeziak agerian utzi ditu. Batetik, estatu federala eratzearen atzealdean zer dagoen ez du argitzen. Bestetik, badaki Konstitu- zioaren erreformari ekiteko PPren adostasuna behar duela, bestela ezinezkoa duelako ezinbestekoa duen gehiengora iristea... eta, azkenean, badaki bide hori ere ezer gutxirako balio dezakeela aldebikotasuna eta herriek erabakitzeko eskubidea jasotzen ez baditu. Espainiak arazo bat du... eta gogorra: adostasunaren bidez barruratzen duen aniztasuna aitortzen eta herriek erosotasunez bizitzeko oinarri berriak finkatzen ditu ala iraganeko apustuari eusten dio, herrien garapena eta aurrerabidea ezinezko egin eta alde bakarreko erabakiak hartzera bultza-tzen dituena.