Síguenos en redes sociales:

Ikusle berriak

URTE bukaerako zenbaki guztiak ez dira bolanderak botatzeko modukoak izan. ETB-1 eta ETB-2 kateen ikus-entzule kopuruaz ari naiz. Azken urteetako mailarik baxuenera jaitsi dira 2015ean bai kate bata, zein bestea. 2014arekin konparatuz, puntu bat galdu du ETB-2 kateak (%8koa izan da urteko batez bestekoa) eta ETB-1ek %1,9ko ikusle kuota izan du; aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago.

Ez da telebistarik ikusten ez dugulako, ordea. EAEko probintzietan 2015ean, herritar bakoitzak batez beste, egunean laur ordu eta minutu bat pasatu baitugu telebistaren aurrean. Eta zer ikusten dugun? Bada, lagun artean eta tertulietan ustez higuina ematen digula aitortzen dugun katea eta bertako programa izarrak: Tele5. Hamazazpi urte daramatza jada Tele5ek EAEko probintzietan liderra izaten eta 2015ean ere, %15,6ko kuota izan du.

Xabier Landabidek, Euskaldunok eta telebista XXI. mende hasieran lanagatik 2014an Euskal Gizartearen Egoera ikerketa saria jaso zuen Euskal Gaien Institutuko irakasleak, 2015ean liburua argitaratu du eta euskal hiztunen komunitateak gauza harrigarriak emango dituela aitortzen du bertan. Urte berriari begira baikor agertzen den bakanetakoa dela dirudi. Zeren eta kontu bat da talentua edota baliabideak badaudela aitortzea, eta bestea, euskal ikuslegoak nahi duena eta ETB-1 eta ETB-2 kateei fidel izateko programazioa asmatzen jakitea.

Inork ez zuen esan erraza izango zenik. Ezta lehiakideak hainbeste eta hain handiak izango zirenik ere. Eta are gutxiago, euskal telebistak transmititu nahi dituen balioengandik hain urruti dauden irizpideekin mugituko zenik EAEko telebista ikuslegoa. Eta utz dezagun, momentuz, hizkuntzaren auzia alde batera.

Herritarrak hezi eta dibertiarazteko ditugun irizpideak ez datoz herritarren gehiengoak telebistan ikusi nahi duenarekin bat. Beraz, urte berria, irizpide berriak.