Euritako zira
0lentzerok aurten etxera ekarriko dituen jostailuak boligrafoz markatzen ari naiz katalogo batean, irratia entzun bitartean. Pin eta Pon panpinek koloretako txirrista batetik jaisten imajinatzen ditudan bitartean, irratiak esan du aurten Mediterraneoan itota hil diren errefuxiatuen herena umeak izan direla. Eta neure buruari galdetzen diot gibelean zizt egin didan albiste beldurgarri hori entzun eta gero, nola den posible nire buruak berriz ere buelta egitea jostailuen mundura eta nire etxeko umeek zein Lego izango duten gustukoen pentsatzen jar-tzea. Nola den posible berriz nire mundutxoan sartu ahal izatea haurtzaroa eta izugarrikeria nahasten duen albistea entzun eta gero.
Euritako zira moduko bat jartzen dugu gehienok injustizian oinarritutako mundu honetan ahalik eta min gutxiago sentituz bizirauteko. Zira honetatik irrist egiten dute beste pertsona batzuen min malkoek. Gore-tex modukoa daramagu azalean, mundua banatzen duena bitan, edo hirutan, edo lautan nahi izanez gero. Auzokideen zaratak ez entzuteko etxeko paretan isolatzailea jartzen dugunean bezala. Kasu honetan, baina, bestaldetik entzuten direnak ez dira ahotsak, oihuak baizik, indartsuenaren legea nagusi den konflikto eremuetan bortxatuak diren emakume eta neskatoenak, adibidez.
Ez diot honelako basatikeriak gertatzen diren bitartean guk bizitzak dituen gauza onak ezin ditugunik disfrutatu, ez diot zira guztiz kendu behar dugunik, bizirauteko babesa ere behar baitugu. Baina arazo guzti hauen soluzioa gure eskuetan guztiz ez badago ere, bakoitzak badugu influentzia eremu bat mundu honetan, eta horretan egin dezakegu zerbait. Nire eremua, besteak beste, nire seme-alabak dira. Agian Olentzerok aurten opari eder bat ekarriko die, Lego eta panpinez gain. Agian enpatia eta elkartasuna bezalako balioak ikasi eta barnera-tzea izan daiteke jaso dezaketen oparirik baliotsuena.