Athletic zale guztiok kolpe gogorra jaso dogu liga txapelketako azken jardunaldian. Ernesto Valverderen taldeak sailkapeneko azkenaren aurka jokatzen eban eta aukera bikaina eukan sailkapenean jauzi handia emon eta laugarren postura hurreratzeko. Zuri-gorriek, ostera, ez eben helburua lortzerik izan. Hasieratik gauzak okertzen hasi ziren Athleticentzat baina Valverderen taldeak ez eban gaitasunik erakutsi egoereari buelta emoteko. Ezinean ibili ziran Los Carmenesen partidurik irabazi barik egoan Granadaren aurka. Domekako partiduak garbi erakutsi eban Athleticek gauza asko dituela hobetzeko, sailkapeneko goialdeko borrokan lehiatu gura badau behintzat. Konpondutzat emoten genduzan akatsak agertu ziran barriro Granadan. Garbi geratu da atsedenaldia ez jakola ondo etorri talde zuri-gorriari. Arrazoi osoa dauka Balenziagak.

Ernesto Valverdek ohartarazi eban Los Carmenes ez dala zelai erosoa eta goxoa Athleticentzat. Gauza bera esaten genduan Benito Villamarinen ganean ligako partiduan zuri-gorriek sekulako erakustaldia egin eben arte. Los Carmenesen, baina, Athleticen bertsiorik makalena ikusi genduan. Atzealdea ez zan sendoa izan, zelai erdiak arazo itzelak euki zituan jokoa sortzeko eta aurrealdeko gizonak ez ziran eraginkorrak izan aurkariaren ate aurrean. Ondorioz, Athleticek galdu egin eban sailkapeneko azkenaren aurka. Bi bider aitatu dot Granada sailkapeneko azkena zala, horrek mingarriagoa egiten dauelako porrota. Ez da bardin partidu bat galtzea aurkaria hobea izan dalako ala norberak egindako akatsengatik galtzea, eta Athleticek oparitu egin eutsazan hiru puntuak Granadari.

Irailaren 23tik egoan Athletic Ligan partidurik galdu barik. Real Madriden aurka jaso eben azken porrota zuri-gorriek. Taldeak azken jardunaldietan erakutsitako sendotasuna ikusita, inork ez eban itxaroten Los Carmenesen gertatu zana gertatutako zanik. Egia da, Granada zoritxarreko jokaldi baten aurreratu zala markagailuan eta golak min handia egin eutsala Valverderen taldeari. Egia da, baita, partidua osoa egoala jokatzeko eta Athletic ez zala gauza izan markagailua iraultzeko. Lehen zatiaren amaierako minutuetan eta bigarren zatiaren hasieran Aduriz eta enparauak gola sartzeko aukerak izan arren, ez eben asmatu aurkariaren ate aurrean. Eta Athletic ondoen ebilenean eta bardinketaren gola ate joka egoala emotenebanean, Aymeric Laportek bere arratsalde negargarria biribildu eban aurkariari bigarren gola oparituta. Bigarren gol horrek erabagita itxi eban partidua.

Ez dago aitzakiarik Granadan gertatutakoa azaltzeko. Entrenatzaileak ez dau aldaketarik egin hamaikakoan eta talde onena zelairatu dau, taldea ez egoan nekatuta aste biko atsedenaldiaren ostean eta aurkariaren maila ez da handia izan. Ondorioz, Athleticek autokritika sakona egin behar dau Los Carmenesen gertatutakoa barriro gertatu ez daiten. Bestela txarto goaz. Horrelako istripuak garesti ordaintzen dira Europarako borrokan.

Zorionez, zuri-gorriek ez daukie asti askorik buruari bueltak emoten ibilteko. Ausburg daukie zain eguenean Europa Leagueko partiduan. Hilara luze bateko bigarrena da eta ikusi egin beharko da zein hamaikako zelairatzen dauen Ernesto Valverdek. Itxaron daigun Granadaren aurka gertatutakoa istripu bat izatea eta ligako etenaldiaren aurretik taldeak erakutsi eban joko bolada ona berreskuratzea Europa Leaguen. Talde honek kreditu apur bat baino gehiago merezi dau.