mIKEL Balenziagak argi eta garbi dino ez dituela gustoko atsedenaldiak denboraldi barruan. Esan beharrik ez dago liga txapelketako etena ederto etorri jakola Ernesto Valverderi ikututa egon diren jokalariak errekuperatzeko eta taldean sartzeko azken txanpan dagozanen prozesua bideratzeko. Edozelan be, ikusi egin beharko dogu zelan ekiten deutson Athleticek lehiaketari, atsedenaldiaren aurreko partiduetan joko bolada itzela erakutsi ostean. Orain dela hilabete, sailkapeneko behealdetik lehenbailehen urruntzea zen helburua. Azken bost jardunaldietan hamahiru puntu eskuratuta, ostera, helburuak beste batzuk dira. Ernesto Valverderen taldeak erakutsi dauena erakutsita, noraino heldu daiteke denboraldi honetan? Une honetan, ze talde dagoz Athleticen gainetik jokoari jagokonez?
Zortzi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketako lehenengo itzulia amaitzeko. Athleticek jauzi itzela emon dau sailkapenean eta dagoenekoz puntu bira daukaz Europa Leaguerako postuak eta laura bakarrik Txapeldunen Ligarako txartela emoten dauen laugarren postua. Lehiaketaren erdialdera heltzeko geratzen diren jardunaldietan, gainera, sailkapeneko azken lau postuetan dagozan taldeen aurka jokatuko dau Athleticek: Granada, Levante, Malaga eta Las Palmasen aurka. Atletico de Madrid eta Sevilla izango dira aurkari gogorrenak -ustez behintzat- Rayo Vallecano eta Celta ahaztu barik. Azken asteetan erakutsitako maila bikainari eutsi ezkero, Athleticek sailkapeneko goialdean amaituko dau liga txapelketaren lehen erdia eta ametsetan hasteko aukera eskeiniko deusku.
Lehiaketako hamazortzi partidu daroaz jokatuta Athleticek eta beste hamaika jokatuko dauz hurrengo sei asteetan. Sarritan esan dogun lez, Ernesto Valverdek asmatu egin beharko dau plantila kudeatzeko orduan. Izan be, hamaikako titularra ondo egituratuta euki arren, garbi dago jokalari gehiago erabili beharko dituela liga, kopa eta Europa Leagueri aurre egiteko. Zorionez, baina, entrenatzaileak badauka non aukeratu, are gehiago Mikel Rico, Ander Iturraspe eta Iker Muniain osatu ostean. Egia esateko, Athleticen hamaikakoan postu bat eskuratzea garesti saltzen bada, ez da merke salduko deialdirako lekua.
Eneko Boveda, Gurpegi eta Iñigo Lekue prest dagoz Valverdek atzealderako euki leikezan beharrizanei erantzuteko. Zelai erdiari jagokonez, Ander Iturraspe, Mikel Rico, Eraso eta Elustondoren artean aukeratu leike entrenatzaileak, Beñat, San Jose eta Raul Garciari atsedena emoteko. Zelai erditik aurrera, Sabin Merino, De Marcos, Lekue eta Iker Muniain dira alternatibak. Desiatzen gagoz Iturraspe eta Muniain barriro zelaian ikusteko. Antza Valverderentzat buruhaustea ei da Muniainen kokapena. Ondo etorria da burukomin hori. Lesino larria gainditu ostean, garbi dago Valverdek apurka apurka sartuko dauela nafarra taldean, arrisku txikiena be hartu barik. Zer esango dogu Ander Iturrasperen gainean. Abadiñokoak ez dau zorterik izan lesino kontuekaz baina ezin dogu ahaztu zelako jokalari bikaina den. Sasoia berreskuratu ezkero, Iturraspe eta Muniain izango dira fitxaketarik onenak Athleticentzat neguko merkatuan.
Garbi izan dot beti Athletic lehen taldea baino askoz gehiago dela eta berretsi egin gura dot Bilbao Athletici laguntzen joateko deialdia. Kuko Zigandaren mutilek denporaldiko zartakorik gogorrena jaso dabe Mirandan eta lehenbailehen altxa behar dabe burua. Almeriari irabaztea ezinbestekoa da. Datorren zapatuan dogu hi-tzordua San Mamesen arratsaldeko lauretatik aurrera. Ezin amaitu, emakumezkoen taldearen ibilibide bikaina goraipatu barik.