ZeRUTIK ikusten zela esaten zuten. Munduan dagoen harresirik handiena, zeruko biztanleek ikus zezaketela. Txinako Harresi handia, ia hogei mila kilometroko harresi zaharra, espaziotik jo zitekeela begiz. Beste munduetatik, Mongolia eta Mantxuriatik zetozen gerlariengandik babesteko eraikia zuten muraila, defentsa lerro handi bat osatzen zuena, zerutik ikusten zela esan zuten behin. Baina gezurra da, espaziotik ezin da horrelako hormatzarrik ikusi. Hurbilagotik bai, ordea.

Gertuagotik gizakiak eraikitako harresiak oro erraz antzeman daitezke, erraz ikus eta analiza daitezke, eta nekez ulertu ahal dira porlanezko eraikuntzak altxatzeko izan dituzten zioak. Eta orduan lotsagarriak irudi-tzen zaizkigu. Lotsagarriak. Izan ere, ardurenean, murruak botereduna zanpatuarengandik aldentzeko eta separatzeko egin dituzte. Herri batek beste bat uxatu nahi duelako, bestea deuseztatu nahi duelako.

Amaitzen ari den aste honetan, Euskal Herriko hainbat txokotan, Harresien Kontrako Nazioarteko Eguna (azaroak 9) ospatu da helburu bakar batekin: harresi guztiak hautsi.

Egun horretan, bereziki, Israelek bere sarraski politikarekin eta okupazioarekin jarraitzeko, eta Palestina ito-tzeko eraiki zuen harresi hura izaten da buruan, Berlineko Harresia baino bi bider altuagoa dena. Muraila hori ghettoaren sinboloa da, bekatuzko okupazio baten sinboloa; herri baten isolamendu eta suntsipena sinboliza-tzen duena, familiak eta horiek dituzten lur apurrak banatzen dituena.

Ehunka kilometrotan (700 baino gehiago), bakardadearen eremu mortuan, eskultura modernoak balira bezala, zerurantz altxatzen dira porlanezko lauki zuzenak. Inoiz baten bat zatiak erauztera ausartu da, baina ezin izan du erdietsi. Beste batzuetan hormatzarren izaera izugarri eta beldurgarriaren kontra grafitigileak abiatu dira samaldaka, eta loreak pintatu dituzte hormetan, tximeletak pintatu dituzte, harresirik gabeko mundu koloretsu bat pintatu dute, harresia harresi den arren askatasunaren sinbolo ere bada, zerutik ikusten ez den arren.