Balio handiko garaipena eskuratu eban Athleticek domekan San Mamesen. Ernesto Valverdek partidua amaitu ostean esan eban lez, balio bikoitza daukie Espanyolen aurka eskuratutako hiru puntuek, oztopo ugari gaindituta lortutakoak diralako. Distira bako garaipena izan arren, oso garrantzitsua da horrelako partidu trabatuak eta korapilatsuak irabazten jakitea. Gogoratu be ez dogu egiten noiz galdu eban azken partidua Athleticek. Ernesto Valverderen taldea sasoi betean dago eta itxaron daigun holan jarraitzea, ondo merezitako atsedenaldiaren ostean.

Athleticeko entrenatzaileak gorriz margoztuta eukan Espanyolen aurkako partidua. Valverdek baekian taldea nekatuta iritsiko zala perikitoen aurkako lehiara, aurreko eguenean Europa Leagueko partidua jokatu ostean. Pilatutako nekea ez zan zuri-gorrien zelaian aurkitu eben arerio bakarra izan. Domeka eguerdian bero itogarria egon zan Bilbon eta herriko haize beroak biderkatu egin eban exijentzia fisikoa zuri-gorrien indar erreserba guztiak ahitu arte. Horregaz batera, aurkariak ere ondo planteatu eban partidua. Espanyolek ez eutsan itxi Athleticeri bere jokoa egiten. Beñatek baloia hartzen eban bakoitzean, ostikada bat edo bi jasoten zituan. Valverderen taldea ez egoan gustura zelaian.

Baina talde bat sasoi betean dagoanean eta olatu ganean dabilenean, edozein egoerari aurre egiteko modua eta bidea aurkitzen dauz. Izan be, Athletic honek sekulako zorroztasuna dauka aurrealdean. Valverderen taldeak ez dau gauza handirik behar aurkariaren atea zulatzeko. Zuri-gorriek ezin izan eben aukera askorik sortu Espanyolen ate aurrean, baina izandakoak gauzatu egin ebezan, talde handiek egiten daben lez. Hori gitxi balitz, domekan San Mamesen Athleticek sarturiko gol biak bikainak, itzelak izan ziran. Iñaki Williams sartutako gola Katedralean aspaldian ikusitako ederrenetarikoa da. Raul Garciarena ez zan hain ikusgarria izan, baina kalidade handikoa bai. Luki zaharrek sartzen ditue horrelako gol gatxak.

Eta ezin amaitu Athleticek Espanyolen aurkako partiduan aurkitutako oztopen zerrendea, Alberto Undiano Mallenco aitatu barik. Gatxa da jakitea zer jazoten jakon epaile nafarrari Athleticen partidu bat zuzentzen dauenean, baina garbi dago elastiko zuri-gorriak zer edo zer eragiten deutsala. Zorionez, zuri-gorriek oztopo hori be gainditu egin eben garaipenerako bidean.

Zazpi partidu daroaz erreskadan Athleticek galdu barik, horreetarik sei irabazita. Real Madrilen aurka galdu eban azken partidua Ligan irailaren 23an. Txapeldunen Ligako postuak lau puntura dagoz eta dagoenekoz inork ez dau begira-tzen sailkapeneko behekaldera. Emaitzez ganera, Valverderen taldea oso itxura sendoa emoten dabil eta asko hazi da talde lez. Kontuak kontu, gatxa da esatea atsedenaldia ondo etorriko jakon talde zuri-gorriari.

Bide luzea dago egiteko oindino. Athleticek hamaika partidu jokatuko dauz azaroaren 22tik urtarrilaren 3ra eta Valverdek asmatu egin beharko dau plantilea kudea-tzeko orduan. Atzean geratu dira errotazino handiak eta entrenatzaileak hamairu-hamalau jokalari bakarrik erabili dauz azken hilabetean. Eneko Boveda, Sabin Merino edo Gurpegik argi erakutsi dabe prestatuta dagozala hamaikakoan sartzeko. Ganera, itxaron daigun Iturraspe eta Iker Muniain joka-tzeko prest egotea Granadaren aurkako partidurako, Mikel Rico be ahaztu barik. Guztiak beharko ditu Valverdek.