SASOI bete-betean dagoela erakutsi dau barriro be Athleticek. Garaipen guztiek hiru puntu balio badabe be, irabazteko moduak eta moduak dagoz. Ernesto Valverderen taldea aurkariaren gainetik igaro zan bere etxean, Benito Villamarinen. Epaileak txistua jo ebanetik zuri-gorriek zapaldu egin eben Betis. Aspaldion ez dot ikusi Athletic hain partidu ona egiten etxetik kanpo. Hiru gol sartu ebezan Sevillan baina dozena erdi baino gehiago sartzeko aukerak euki ebezan. Bitartean, Iraizozek ez eban izerdirik be emon. Kontuak kontu, Valverderen taldea ezin hobeto dabil, erasoan zein defentsan eta fidagarritasuna transmititzen dau. Ez da egun bateko loraldia. Athletic zaleok mila arrazoi ditugu itxaropentsu izateko etorkizunari begira. Sailkapeneko behekaldea urrun geratu da eta bere joko bikainagaitik jagokon lekura hurreratzen doa taldea.
Helburu bikoitzagaz ekin eutson Athleticek Betisen aurkako partiduari. Alde batetik, aurreko jardunaldietan erakutsitako joko maila onari eustea eta bestetik etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratzea Ligan. Zuri-gorriek partiduaren bila urten eben lehehengo minututik aurkariari zelaian lekua hartzeko be astirik emon barik. Talde bakarra egoan zelaian eta bederatzigarren minuturako zuri-gorrien nagusitasunak saria jaso eban. Golak ez eban ezer aldatu Benito Villamarinen. Athletic jaun eta jabe zan, Betis aurkariaren erauntsiari erantzun ezinik ebilen bitartean. Lehen zatia amaitzear egoala iritsi zan Williamsen bigarren gola baina aurretik beste hiru-lau gol sartzeko aukerak alferrik galdu ebezan. Iraizozek partiduko 28. minutuan ikutu eban baloia lehenengoz. Lehen zatiko estatistika guztiak ikaragarriak ziran.
Erakustaldi bikaina emon eben Valverderen gizonek lehen zatian eta bardin hasi ziran bigarrengoan be. Athleticeko jokalariei baina, sufritzea tokatzen jake beti eta Betis partiduan sartu zan penaltiari esker. Mamu asko agertu ziren orduan. Depor eta Zilina gogoan. Athleticek, baina, ez eban amore emon eta minutu gitxi batzuk igaro ostean partiduaren kontrola berreskuratu eban.
Bost partidu daroaz taldeak Ligan galdu barik, hiru garaipen eta bardinketa bi eskuratuta. Une honetan Athletic talde sendoa da, serioa atzealdean, joko itzelagaz erdialdean eta zorroztasun zitalagaz aurrealdean. Ezin jako gehiago eskatu. Eta barriro dinot ez dala bape erraza jokalari bat nabarmentzea beste guztien gainetik. Williamsek gol bi sartu zituen Sevillan baina Aduriz eta Raul Garciaren lana be ikaragarria izan zen, Sabin Merino gitxietsi barik. Beñat jokatzen ikustea gozamena da. Domeka guztietan gainera. San Jose sendo bere lekuan eta atzelariak serio, aurkariari aukerarik emon barik.
Ez dago lainorik zeru zuri-gorrian eta Athletic olatu gainean dago. Kontua, baina, ez da olatu gainera iristea, haren gainean ahalik eta luzaroen mantentzea baino. Traineru estropadetan olatuak bardinak dira lehiakide guztientzako baina ontzi batzuk arin jausten dira olatu arteko zulora, beste batzuk goialdean mantentzen diren bitartean. Talde honek gauza handiak egin leikez denboraldi honetan eta gozatzeko aukera ugari emongo deusku.
Hitzordu bikoitza dogu datorren astegoienean San Mamesen. Domeka eguerdian Espanyolen aurka jokatuko dau Athleticek eta astelehen iluntzean Bilbao Athleticek Llagostera hartuko dau. Zigandaren mutilek guztion babesa behar dabe. Merezi dau Katedralera hurreratzeak. Geure harrobiko harribitxiek familia zuri-gorriaren berotasuna sentidu behar dabe. Azkenik, salatu egin behar da, barriro be, Bizkaiko futbol zelai baten epaile bati egindako erasoa. Zoritxarrez, futbol zelaietan onartu ezinak diran gauza gehiegi jazoten dira.