Ondo merezitako atsedenaz goza-tzeko aukerea euki dabe Athleticeko jokalariek ikasturtearen hasieran jokatutako hamabost partiduek eragindako neke eta ezbeharretatik errekuperatzeko. Kontuan euki behar da gainerako talde gehienek zazpi partidu baino ez dabezala jokatu orain arte. Esan beharrik ez dago Valverderen taldeak lan karga itzela daroala lepo ganean. Valentziaren aurka lortutako garaipenak lasaitasun handia emon eutsan taldeari, hiru puntuak ezinbestekoak ziralako eta zuri-gorriak goitik behera nagusitu ziralako ligako oilarretako baten aurkako lehian. Sailkapenera begiratuta, ostera, Athletic behekaldean dago oraindino eta urrun ditu Europako postuak. Bide luzea daukie aurretik zuri-gorriek eta Valentziaren aurka hasitakoari eutsi behar deutsoe.
Zazpi puntu eskuratu ditu Athleticek zazpi jardunalditan. Ezin esan marka ona danik. Uzta urria benetan, hamalau puntu bidean geratu dira-eta. Edozelan be, irakurketa sakonagoa eginez, kontuan euki behar da zuri-gorriek Real Madril eta Bartzelona hartu dabezala San Mamesen eta bisitari izan dirala El Madrigal eta Anoetan. Gainera, Valverderen taldeak maila ona emon eban merengeen eta blaugranen aurka jokatutako partiduetan. Hurrengo zazpi jardunaldietan, baina, “irabazteko moduko” aurkarien kontra jokatuko dau Valverderen taldeak. Deportivo, Betis, Granada eta Rayo Vallecanoren zelaietan jokatuko dabe zuri-gorriek eta Sporting, Espanyol eta Malaga hartuko ditue San Mamesen. Sailkapeneko erdialdetik beherako taldeak dira guztiak eta bi igo barriak. Kontuak kontu, orain arte eragindako sentsazio onak sailkapenean igarri behar dira. Arestian aitatutako aurkariak baino gehiago dala erakutsi behar dau Valverderen taldeak. Riazor zelai egokia da etxetik kanpoko lehenengo garaipena eskuratzeko.
Xabi Etxeita eta Mikel San Josek ez dabe atseden handirik izan, Espainiako futbol selekzioko hautatzaileak deitu dituelako. Ondo merezitako saria Zornotzako atzelariarentzat. Behargin amorratua eta profesional bikaina, Etxeita edozein entrenatzailek bere taldean euki gura dauen jokalaria da. Ez dakigu zer sentitzen dauen Espainiako ereserkia entzuten dauenean, Madrilgo Brunete mediatikoko kazetari batek horren ganean itaundu arren. Ederto toreau eban zornotzarrak, benetan sentitzen dauena esateko gogoz geratu zan arren. Etxeitak, San Josek, Adurizek, Iturraspek eta beste askok euskal selekzinoagaz jokatu gura dabe eta euskal ereserkia entzun Europan eta munduan zehar. Baina ezin dabe. Gales, Eskozia, Ipar Irlanda, Feroe Irlak edota Gibraltar ikusi doguz jokatzen egunotan Eurokoparako sailkatzeko fasean. Gure selekzioari ez deutsoe ixten.
Bilbao Athletic eta Numantziaren arteko partidua ikustera hurreratu nintzan zapatuan Bilbon. Giro polita partidua hasi aurretik San Mames inguruko kaleetan zein gero barruan harmailetan. Katedralean jokatzea berezia da ezelango zalantza barik. Edozelan be, hainbeste jesarleku hutsik ikusteak hotzitu egiten dau giroa nahi ta nahi ez. Ume asko ikusi nebazan Athleticeko elastikoa jantzita Kuko Zigandaren mutilak animetan. Hazia ereitea ezinbestekoa da uzta jasotzeko. Ez dakit zein dan bide egokia baina zer edo zer egin behar da Bilbao Athleticen partiduetan zale gehiago egon daitezan. Zuri-gorriek ezin izan eben irabazi Jagoba Arrasate berriatuarraren Numantziaren aurka baina gauzak ondo egiten dabilz. Gauza polita da hamazortzi urteko Asier Villalibre eta Iñigo Cordoba ikustea aurrealdean, Numantziako atzelari beteranoen aurka lehiatzen. Hortxe dago gure taldearen etorkizuna.
Amaitzeko gogoratu, Athleticeko gazteek 1-3 irabazi ebela Zubietan Realaren aurka. Denboraldi hasiera honetan, kadete zuri-gorriak eta bigarren jubenilak be garaipena eskuratu dabe txuri-urdinen zelaian.