valentziaren aurkako partidua garrantzitsua baino gehiago zela onartu eban Ernesto Valverdek domekan San Mamesen. Liga txapelketako zazpigarren jardunaldian egon arren, lehen sei partiduetan lau puntu bakarrik lortu izanak balio berezia emon eutson Nuno Espirito Santok zuzentzen dauen taldearen aurkako partiduari. Athleticek ezinbestekoa eban garaipena eta ez eban huts egin. Hiru puntuok lasaitasun handia emongo deutsee taldeari eta bake-baketan igaroko dau liga txapelketan datorren atsedenaldia.

Holandan galdu izanak itxitako zapore garratza kentzeko asmoagaz ekin eutson Valverderen taldeak Valentziaren aurkako partiduari. Entrenatzaileak goitik behera aldatu eban hamaikakoa barriro be eta Europa Leaguen atsedena izan eben gizonak zelairatu zituen. Ondo ekin eutsoen partiduari zuri-gorriek hiru-lau aukera sortuta aurkariaren atean. Futbolean sarritan jazoten den moduan, Athletic ondoen jokatzen ebilenean aurreratu zen Valentzia markagailuan eta golak min handia egin eutson talde zuri-gorriari. Europa Leaguen Ausburgen aurka gertatu zen legez, Valverderen gizonek ez eben amore emon markagailuan atzetik egon arren. Laportek lehenengo zatia amaitu baino lehen lortutako bardinketaren golak partiduan sartu eban ostabere talde zuri-gorria. Valverderen gizonen bigarren zatia ederra izan zen benetan. Eta barriro be, gizon bat beste guztien ganetik: Aritz Aduriz. Donostiarrak emon eutson pasea Susaetari bigarren golaren jokaldian eta berak sartu eban partidua erabakita itxi eban hirugarren gola. Ondo jagon behar dogu aurrelaria. Kontuak kontu, Athleticek irabazi egin behar eban Valen-tziaren aurkako partidua eta zuri-gorriek ondo mereziduta lortu eben helburua.

Ernesto Valverderen taldeak sailkapeneko behekaldean jarraitzen dau Valentziari irabazi arren. Bide luzea dago egiteko ondino. Edozelan be, talde honek eragiten dauzan sentsazioak oso onak dira. Entrenatzaileak bere gustoko hamaikakoa zelairatu eban Valentziaren aurka eta taldeak oso itxura ona emon eban. Atzealdea sendo dabil Laporte buru dala, eta erdialdeak bikain funzionatzen dau. San Josek, Beñatek eta Raul Garciak oso argi daukie zein den bakoitzaren zeregina eta erdialde orekatua osatzen dabe. San Joseren lana oso garrantzitsua da aurkariaren jokoa hausteko eta zuri-gorrien erasoko joko guztia Beñaten oinetatik igaroten da. Itzel dabil arratiarra. Raul Garcia ez dabil bere maila onena emoten baina kalitate handiko jokalaria da, hirugarren golaren jokaldian erakutsi eban legez. Leher eginda amaitu eban. Askoz gehiago emon leikio taldeari.

Erasoan gauzak gero eta hobeto doaz Athleticentzat. Adurizek maila bikaina emoten jarraitzen dau baina orain ez dago bakarrik. Susaetarik onena berreskuratu dau taldeak eta golak sartzen hasi da ganera. Horregaz batera, Iñaki Williamsen sarrerak bizitu egin dau zuri-gorrien erasoko jokoa. Azkarra eta indartsua izateaz ganera, ausarta da eta ez da ezkutatzen. Agertu egiten da taldeak gehien behar dauenean. Hamaikako indartsua eta orekatuagaz batera, Valverdek alternatibak ditu aulkian. Iturraspe, Lekue, Sabin, Gurpegi, Eneko Boveda, Mikel Rico edo Eraso hamaikakoan sartu daitekez entrenatzaileak behar dituenean.

Kontuak kontu, etorkizun oparoa datorrela esango neuke. Arestian esan doten legez, bide luzea dago egiteko oraindino baina Ernesto Valverderen taldeak erakutsi dau aurten be denboraldi handia egin leikela. Etxetik kanpo garaipenak lor-tzen hastea izango da hurrengo erronka. Aurretik, baina, ondo merezidutako atsedenaldia.