pARTIDU makala jokatu eta galdu egin zuen Athleticek El Madrigalen. Ez da kontu berria zuri-gorriak esku hutsik ateratzea Vila-realen zelaitik. Oraingo honetan, gainera, Ernesto Valverderen taldeak itxura txarra eman zuen, erasora begira ezintasun kezkagarria erakutsita. Athleticeko entrenatzaileak aldaketa asko egin zituen hasierako hamaikakoan eta emaitza ikusita ezin esan asmatu zuenik. Kontuak kontu, liga txapelketako lau jardunaldi jokatuta Athleticek hiru puntu baino ez ditu eskuratu, etxetik kanpo jokatutako partiduetan -Eibarren eta Vila-realen- muga handiak erakutsita gainera, erasoko jokoan batez ere. Ezin esan orain arteko balantzea positiboa denik, liga txapelketari dagokionez behin-tzat.

Vila-realen aurkako partidua amaitu ostean, Ernesto Valverderi hasierako hamaikakoan egindako aldaketen inguruan galdetuta, entrenatzaileak argi eta garbi esan zuen emaitzaren menpe geratzen dela hartutako erabakiaren egokitasuna. Athleticek galdu egin zuen eta beraz inork ez du esango Valverdek asmatu egin zuenik, Aduriz, Beñat, Raul Garcia edo Etxeita hamaikakotik kanpo utzita. Talde zuri-gorria Europa Leagueko partidua jokatzetik zetorren eta Ligako beste lehia gogor bi jokatuko ditu aste beteren buruan. Kontuak kontu, Valverde behartuta dago aldaketak egitera. Kontua ez da aldaketak egitea, jokatzeko aukera dutenek ematen duten maila baino.

Valverdek ez zuen errotaziorik egin Liga txapelketako bigarren jardunaldian Ipuruan. Titularrak zelairatu arren, Aduriz eta enparauak ezinean ibili ziren, besteak beste, fisikoki leher eginda zeudelako. Vila-realen, ordea, kontrako erabakia hartu zuen entrenatzaileak eta atsedena eman zien minutu asko jokatuta zeuden jokalariei. Partidu bietan galtzaile izan da Athletic, aurkariaren atera ia jaurti ere egin barik. Aurreko denboraldian, Valverdek ordezkoen aulkian utzi zituen Aduriz, Iraola, Susaeta, Laporte eta Beñat Eibarren aurka Ipuruan. Williams, Guillermo eta Ibaik jokatu zuten aurrealdean. Zuri-gorriek irabazi egin zuten. Hiru egun beranduago, Athleticek 0-2 nagusitu zen Espanyolen zelaian eta Kopako finalerako sailkatu zen. Astea biribiltzeko, zuri-gorriek 1-0 menderatu zuten Real Madrid San Mamesen. Emaitzak lagun, inork ez zuen entrenatzailea kritikatu. Athleticek hiru lehiaketa jokatuko ditu aurten ere, eta entrenatzaileak ondo kudeatu behar du plantila. Adurizek, taldeko jokalari onena izanda ere, ezin ditu partidu guztiak jokatu. Ezta Beñatek edo Raul Garciak ere. Barriro dinot, arazoa ez dagoela errotazioetan, zenbait jokalarik ematen duten maila eskasean baino.

Real Madrid eta Realaren aurka jokatuko du Athleticek aste honetan. Aldaketak alde batera utzi eta Ernesto Valverdek bere gizon onenak zelairatu ditu San Mamesen Cristiano Ronaldo eta enparauei aurre egiteko. Garbi daukat zein izango den hasierako hamaikakoa postu batean izan ezik. De Marcos, Etxeita, Laporte eta Balenziagak jokatuko dute atzealdean, Beñatek, San Josek eta Raul Garciak erdialdean eta Susaetak eta Adurizek aurrealdean. Ikusteko dago nor zelairatuko duen Valverdek aurrealdeko ezker hegaletik, postu horretarako “casting”-a amaitu barik dagoelako. Athletic zale beteranoek diotenez, Real Madriden aurkakoa da denboraldiko derbirik garrantzitsuena eta zuri-gorriak itxuraldatu egiten dira merengeen aurrean Katedralean. Iaz ere nagusitu egin ziren partidu gogoangarri batean Adurizen sartutako gol itzelari esker. Ea bada, Athletic onena ikusten dugun bihar San Mamesen.

Aipamen bi amaitzeko: Garaipen garrantzitsua Bilbao Athleticek San Mamesen eskuratutakoa Asier Villalibre, hamazazpi urteko gernikarrak sartutako golari esker. Bestetik, partidu erakargarria benetan emakumezkoen taldeak Bartzelonaren aurka jokatuko duena domeka goizean Lezaman.