pOZEZ gainezka amaitu nuen iraileko hamahirugarren eguna. Goizean Bermeoko traineruak erakustaldi ederra eman zuen Kontxako badian eta Athleticeko emakumezkoen taldeak Valentzia aurkari indartsua hartu zuen mendean Lezaman. Arratsaldean, Athleticek partidu biribila jokatu eta irabazi zuen Getaferen aurka San Mamesen. Valverderen taldeak ezin zuen huts egin eta goitik behera nagusitu zitzaion aurkariari Raul Garciaren estreinako partiduan. Egia esateko, asteburu biribila ipini nahi nuen izenburu lez, baina zapatuan Bilbao Athleticek ezin izan zuen punturik urratu Valladoliden Gaizka Garitanoaren taldearen aurka. Txanponaren beste aldean, Athleticeko gazte mailako B taldea 1-2 nagusitu zitzaion Realari Zubietan.
Ernesto Valverdek eta bere jokalariek ondo baino hobeto dakite zein garesti ordaintzen den liga hasiera makal bat egitea. Aurreko urtean, zuri-gorriek ez zuten Txapeldunen Ligaz gozatzeko aukerarik izan, lehentasuna sailkapeneko zulotik ateratzea zen-eta. Aurten, ligako lehen partidu biak galdu ostean, irabazi beharrekoa zen Getaferen aurkako partidua giroa garrazten hasi baino lehen. Gainera, norgehiagoka berezia zen Raul Garciak estrainekoz jokatu behar zuelako Katedralean, ordura arte maite ez zuen zaleriaren aurrean. Zalantza guztiak azkar desagertu ziren. Adurizek aurretik jarri zuen taldea bosgarren minuturako eta Athletic zaleek txalo zaparrada eskaini zioten Raul Garciari lehen baloia ukitu zuenerako.
Athleticek bete-betean asmatu du jokalari nafarra fitxatuta. Valverdek ez dauka zalantzarik Garciaren errendimenduaz eta hasierako hamaikakoan zelairatu zuen Getaferen aurka, taldekideekin entrenamendu apur batzuk egin ostean. Atleticoko jokalari ohiak ez zuen minutu askorik behar izan duen kalidadearen berri emateko. Pentsa daiteke urteak daramatzala Adurizekin joka-tzen. Raul Garciak aberastu egin du eta egingo du Athleticen erasoko jokoa. Profesional bikaina da eta ederto daki zer egin behar duen eta zelan jokatu behar duen bedar gainean. Hori gutxi balitz, gola sartu zuen. Ezin zaio gehiago eskatu estraineko partiduan.
Partiduko gizona Raul Garcia izan bazen ere, nabarmentzekoa da beste jokalari batzuren lana, Aritz Adurizetik hasita. Aurrelari donostiarrak sasoi betean dagoela erakutsi zuen Getaferen aurka. Horrezaz gainera, gogo itzela erakusten du hasieratik amaierara arte. Bikote zitala osatuko du Raul Garciarekin.
Bederatzi partidu jokatu ditu Athleticek denboraldi honetan, eta jokalari bat nabarmentzekotan beste guztien gainetik Beñat Etxebarria litzateke. Arratiarra maila bikaina ematen ari da partidu guztietan, erasotzeko zein defenditzeko orduan. Gaur egun bera da Athleticen lema daramana. Ia golak sartzen hasten den, badaki-eta. Beste alde batetik, Ernesto Valverde dagoeneko ez da dardarka jarriko Balenziagak arazo fisikoren bat duenean. Izan ere, Iñigo Lekuek ondo baino hobeto erantzun du atzealdeko ezker hegaletik jokatu duenean. Azkenik, ezin ahaztu Carlos Gurpegi. Valverdek atsedena eman nahi zion Laporteri eta kapitainak ederto bete zuen haren lekua.
Europa Leagueko multzoen faseko lehen partidua jokatuko du Athleticek ostegunean San Mamesen eta zalantza izpi barik, Augsburg ez da Getafe bezalako aurkari samurra izango. Athleticek bere jokorik onena atera beharko du, erasoan batez ere, talde alemaniarrari aurre egiteko. San Mamesen dago Europa Leaguen aurrera egiteko giltza.
Eta Katedralean dago baita, Bilbao Athleticek bigarren A mailari eusteko giltzarria. Liderrari egingo diote aurre Zigandaren mutilek zapatu arratsaldean eta zaleriaren laguntza eta berotasuna ezinbestekoa izango da hiru puntuak eskuratu eta sailkapeneko zulotik ateratzeko. Merezi dute lehoi kumeek.