Ernesto Valverdek eta Jose Luis Mendilibarrek ezin izan zuten lorik egin domeka gauean. Zaldibartarrak hasiera ezin hobea eman dio denboraldiari jardunaldi bitan sei puntu eskuratuta, duela hilabete egin barik zegoen plantila batekin. Athleticeko entrenatzaileak ere, ezin izan du lo askorik egin berak zuzentzen duen taldea aspaldiko partidurik txarrena egiten ikusi ostean. Zuri-gorriek ipuruan erakutsi zuten ezintasuna -erasoan batez ere- kezkatzeko modukoa da. Esan beharrik ez dago liga txapelketaren etena oso ondo etorriko zaiola talde zuri-gorriari.

Argiak eta ilunak izan ditu Athleticek azken hilabetean jokatu dituen zortzi partiduetan. Ernesto Valverderen taldeak bete egin du UEFA Europa Leagueko multzoen faserako txartela eskuratzeko helburua eta Bartzelona menderatu du Superkopako finalean, San Mamesen partidu gogoangarria eginda gainera. Txanponaren beste aldean, ostera, zuri-gorriek hasiera makala eman diote Liga txapelketari. Ez dute puntu bat bera ere lortu lehen bi jardunaldietan eta ez dira gol bakar bat sartzeko gauza izan. Hori gutxi balitz, Valverderen taldeak gabezia handiak erakutsi ditu erasoko jokoan. Ez zuen arriskurik sortu Claudio Bravoren atean San Mamesen eta Ipuruan hurreratu be ez ziren egin Asier Riesgoren atera. Esan beharrik ez dago, horrela jokatuta ez dagoela ezer egiterik.

Partidu negargarria, aspaldiko txarrena jokatu zuen Athleticek Ipuruan. Futbolak zati bi ditu eta bietan ezinean ibili dira zuri-gorriak Jose Luis Mendilibarren taldearen aurka. Erasoko jokoari dagokionez, ez dago gauza handirik esaterik. Zuri-gorriek bigarren zatiko berrogeigarren minutuan egin zuten lehen jaurtiketa Asier Riesgoren ateko hiru zutoinen artean. Ipuruan ikusitakoa ikusita beste ordu bi jokatzen jarraituta ere Valverderen gizonak ez ziren gauza izango aurkariaren atea zulatzeko. Barriro dinot, Athleticeko jokalariek Eibarren aurka erakutsi zuten ezintasuna kezkagarria izan zela oso.

Zilinaren aurka zelairatu zuen hamaikakoaren oinarria jarri zuen Valverdek Ipuruan lehen mailako liderrari aurre egiteko. Irabazi egin nahi zuen. Aduriz, Laporte, Lekue, Elustondo, Beñat, Eraso eta De Marcosek ez zuten atsedenik izan ligako bigarren jardunaldian. Athleticeko entrenatzaileak beti esaten du liga txapelketa dela denboraldiko lehiaketa garrantzitsuena eta talderik onena zelairatu zuen Ipuruan ikasturteko lehen puntuak eskuratu nahian. Erasoan herren ibili arren, zuri-gorriek ez zuten arazorik Iraizozen atea defenditzeko, Aymeric Laportek eskatzerako atea zabaldu zuen arte. Atzelariak huts larria egin zuen baloia oparituz aurkariari area inguruan. Hanka sar-tzearen eragina biderkatzeko, heldu egin zuen Eibarko aurrelaria, epaileari penalti adierazteko aukera bikaina eskainiz. Laporteren huts larriak apurtu egin zuen partidua. Ordura arte eroso zebilen Eibar sendotu egin zen zelaian, Athleticen ezintasuna areagotuz. Etxeko taldearen bigarren gola ere, negargarria izan zen. Errematea egin zuen jokalariak ez zekien oso ondo zer egin nahi zuen eta baloiak Iraizozen sareetan bukatu zuen.

Athleticek arazo bat dauka erasoan. San Jose eta Iturraspe barik zelai erdia ez da gauza erasoko jokoa sortzeko. Beñaten ahalegina ez da nahikoa. Arazorik handiena, baina, hegaletan dago. Ibai, Viguera eta Susaetaren errendimendua makala da oso, eibartarraren ahalegina eskertzekoa bada ere. Sabin Merinok haize freskoa ekarri duen arren, heldu barik dago oraindik. Valverdek De Marcos zelairatu zuen eskuin hegalean Ipuruan baina arabarrak ez zuen arriskurik sortu. Houston, arazo bat daukagu. Ez dakit arazo hori Raúl Garcíak konponduko duen baina ondo etorria izan dadila. Profesional bikaina da. Beste guztia bigarren maila batean utzi behar dugu.