HIRU partidu jokatu munduko talde onenaren aurka eta Athleticek bat irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu du. Ezin esan balantzea txarra denik, inondik eta inora ere ez. Ernesto Valverderen taldeak bost gol sartu eta bi besterik ez du jaso Leo Messi, Luis Suarez, Iniesta eta enparauen aurka. Gainera, azken hamar egunen buruan zuri-gorriek eta blaugranek jokatu dituzten hiru norgehiagoketetan ezin da esan Luis Enriqueren taldeak aurkaria zapaldu duenik, aurreko denboraldietan jokatutako partidu gehienetan gertatu bezala. Kontuak kontu, eta Ligako lehen partidua galtzea, eta San Mamesen, mingarria izan arren, Ernesto Valverderen taldeak nota onarekin gainditu du Europako txapeldunaren aurkako azterketa.
Superkopako joaneko partiduan lortutako garaipen historikoa gogoan genuela joan ginen domekan San Mamesera, liga txapelketako estreinako partidura. Luis Enriquek aurreko egunetan nabarmendu zuen legez, egoera zeharo ezberdina zen. Superkopako lehian Bartzelonak atseden barik ekin zion San Mamesko partiduari, hiru egun lehenago Europako superkopako finala jokatuta Georgian. Domekako partidura, ostera, Athletic iritsi zen hauspo barik, aurreko ostegunean Eslovakian jokatuta. Jakina, Athleticek bere arma guztiak erabili behar ditu Bartzelonari irabazteko aukeraren bat izateko eta zuri-gorriak herren heldu ziren Ligako lehen jardunaldira.
Oztopo edo arerio gehiegi izan zituen domekan Ernesto Valverderen taldeak. Abuztuan jokatutako partidu andanak eragindako nekeaz gain, Athletic bezalako talde batek asko igartzen du jokalari batzuk utzitako hutsunea. Iturraspe eta Mikel San Jose lesionatuta, Mikel Rico jarri zuen Valverdek Beñatekin batera zelai erdian. Arrigorriagakoaren lana itzela da aurkariaren jokoa deuseztatzeko orduan baina bere gabeziak agerian geratzen dira berreskuratutako baloiak atera eta erasoko jokoa sortzeko orduan. Athleticek ederto eutsi zion Bartzelonari baina ezinean ibili zen Claudio Bravoren atean arriskua sortzeko orduan. Luis Enriqueren taldeak ez zuen golik sartu Katedralean superkopako joanekoan baina Messi, Suarez eta koadrila partidu bitan golik sartu barik geratzea nekez gerta-tzen da. Kontuak kontu, ondo defenditzea ez da nahikoa Bartzelona bezalako talde bat mendera-tzeko eta zuri-gorriek ligako lehen partiduan egindako lan eskerga sari barik geratu zen ez baitziren gauza izan aurkariaren atera hurreratzeko ere.
Oztopoekin jarraituz, inoiz ez dut hain lehor ikusi San Mamesko zelaia. Baloia gelditu egiten zen. Katedrala barik, La Rosaleda ematen zuen, are gehiago hego haizeak eragindako tenperatura beroarekin. Horrekin guztiarekin batera, arbitro jauna ere ez zen batere fin ibili eta kalte egin zion Valverderen taldeari.
Kontuak kontu, Bartzelonaren aurkako mini-maratoia amaitu eta Athleticek garrantzi handiko partidua jokatuko du etzi San Mamesen. Denboraldiko lehenengo finala da. Kanporaketa erabakita uzteko aukera bikaina alferrik galdu ostean, zuri-gorriek irabazi egin beharko diote Zilinari. Egia esateko, Eslovakiako talde honi San Mamesen irabazteko gauza ez bada, Valverderen taldeak ez du merezi UEFA Europa Leagueko hurrengo faserako txartela eskuratzea. Beraz, ez dago aitzakiarik. Etzi irabazi egin behar da bai ala bai, oztopo eta arazo guztien gainetik. Athleticek multzoen fasean egon behar du. Horretarako, esan beharrik ez dago zuri-gorriek nabarmen hobetu beharko dutela erasoko jokoa. Eta, mesedez, zelaia ondo ureztatuta egon dadila.