Gauza asko igaro ziren nire burutik Carlos Gurpegi Nausia Superkopako garaikurra altxatzen ikusi nuenean, hogeita hamaika urteko lehorte luzearen ostean. Baina sentimendu bat nabarmen-tzekotan, harrotasuna litzateke. Harro nago gure taldeak Europako txapelduna, munduko talderik onena menderatu duelako. Harro nago, gure jokalariek San Mamesen zein Nou Campen erakutsitako jarrera bikaina izan delako. Harro nago, superkopa irabazi duten jokalariak Lezaman sortuak direlako, geureak direlako. Eta harro nago Bartzelonaren aurka gehienetan zartako gogorrak jaso arren, taldeak ez duelako amore eman, ez delako makurtu, eta zutundu egin delako duintasun itzela erakutsita. Titulu guztien gainetik, Athleticekoa naiz eta harro nago.

Aitortu behar dut ez nuela txakur txikirik ematen Superkoparen alde eta nire begiak Europa Leagueko hurrego kanporaketan eta Liga txapelketako lehenengo jardunaldian jarrita zeuden. San Mamesen jokatutako joaneko partiduak, baina, goitik behera aldatu zituen nire lehentasunak, zaleenak eta taldearenak ere bai. Abuztuaren 14ko partidu gogoangarriak titulu bat eskuratzeko leihoa zabaldu zion Ernesto Valverderen taldeari eta lehoiek ederto baliatu zuten aukera. Athleticek superkopa irabazi du aurkaria baino hobea izan delako. Edozeinek ez du Europako txapelduna menderatzen eta are gutxiago 5-1eko emaitzarekin. Messi eta koadrila ez dira gauza izan Athletic mendean hartzeko, ez San Mamesen eta ezta Nou Campen ere. Denbora asko igaro da Bartzelonak partidu biko kanporaketa bat azken aldiz galdu zuenetik. Kontuak kontu, merezi duen garran-tzia eman behar zaio Athleticek lortu duenari. Superkopa irabazi izanak balio itzela dauka talde zuri-gorriarentzat. Hogeita hamaika urteko lehorteari amaiera eman eta zale gazteenei Athletic txapelduna ikusteko aukera emateaz gain, Bartzelona menderatu izanak indar handia eta hauspoa emango dio etorkizunari begira. Ernesto Valverderen taldeak oso maila altua eman du superkopako finalean eta itxaropena zabaldu du zaleen artean 2015-2016 denboraldirako.

Iker Muniain, Williams, Rico eta Iturraspe barik lortu du txapela Athleticek. Eneko Boveda, Sabin Merino, Iñigo Lekue edo Javi Erasok hartu dute haien lekukoa. Guztiak be, Lezaman sortuak. Hori da gure indarra.

Ez litzateke bidezkoa izango jokalariren bat nabarmentzea beste guztien gainetik baina norbaiten lana eta ekarpena goraipatzekotan Aritz Adurizena litzateke. Athleticeko aurrelaria sasoi betean dago eta jokalari erabakigarria da taldearentzat. Asko poztu nintzen Gurpegi kopa altxatzen ikusi nuenean. Andosillakoak berak bakarrik daki zein gogorra izan den bere kirol ibilbidea baina azkenean saria iritsi zaio. Ernesto Valverdek ere ondo merezitako saria jaso du. Athleticeko entrenatzaileak une gogorrak bizi izan zituen aurreko denboraldian. Taldeak zazpi jardunaldi eman zituen irabazi barik abenduaren 6an Kordobaren aurka San Mamesen galdu zuenetik, otsailaren 1ean Levanteren zelaian nagusitu zen arte. Kritika zorrotzak eta gogorrak entzun behar izan zituen Valverdek eta min egin zioten. Athletic uzteko zorian egon bazen ere, bere bihotzeko taldean jarraitzen du guztion onerako eta gozamenerako. Ernesto Valverde Athleticeko Alex Ferguson izan beharko litzateke.

Lehiaketa hasi baino ez da egin eta lehoiek garrantzi handiko partiduak jokatuko dituzte etzi Eslovakian eta domekan San Mamesen Bartzelonaren aurka. Ikusitakoa ikusita, baikor egoteko arrazoiak ditugu. Lezamatik sortutako “fitxaketek” aberastu egin dute plantila eta lehia itzela egongo da hamaikakoan tokia eskuratzeko. Ez dut uste inor fitxatzeko beharrik dagoenik, are gutxiago balizko hautagaiek elastiko zuri-gorria maite ez badute.