Síguenos en redes sociales:

Aste nagusiak

SANFERMINEK ireki ohi dute urte oro, bost euskal hiriburuen iturrien kanila, ia uztailaren hasiera horretan. Bederatzi egunez -204 orduz zehazten dute haiek- musika eta beste zaratez, jan edanean, zezenaren aurretik edo aldamenetik, barrakak, su artifizialak, jende pila nonahi, kontzertu, antzerki edo beste edozein motako espektakulo hamar edo ehunka dira, besteak beste, astebete inguru irauten duten jaialdi horietan ezinbestekoak diren elementuak. Janzkerak ere ongi markatzen ditu, lekuan lekuko, urteko aste berezi horietako jarduerak. Antz antzeko lehen bietan, Iruñea eta Baionan, gorriaz osatutako zuria, nagusi ez ezik, erabatekoa delarik, gasteiztarrak ere aspalditik dute galako baserritar moduko brusez mutilak eta buruko sorki eta gona zabalez neskak, Ama zuriaren inguruko egunak janzteko, Donostia da horretan anarkikoagoa eta kolore anitzez betetzen dute hiria abuztuko bigarren astebetean eta bilbotarrek ia 40 urte daramatzate konpartsetan banakatuz, hauek ere, kolore anitzez denon bista alaituz. Pertsonaietan da, akaso, aniztasunik behinena, haiek gabe ia ulertu ezinak liraketelako jai horiek. Lion erregea, Celedon (aurten, euskaldun) edo Marijaia gabe, kasurako. Alegiazko ereduen faltan, Iruñean txupineroak eta Donostian kañoneroak hartzen dute jaiak pizteko eta itzaltzeko arreta.

Horrenbestez, bost hiriburuetako Aste Nagusiek dituzten berezitasunak. Dena horietan, eta ia edozein herritan, ezinbestekoa lepo edo iduneko, kolore askotariko, zapia. Eta zoritxarrez, zapia eramateko besteko ohitura komuna bihurtu da, herri eta hiri orotan, eraso sexualen aurkako oharra egitea, jadanik, egutegietan txertatua. Benetan tristea horra iritsi beharra, baina asko tamalgarriagoan hala eta guztiz ere, erasoek jarraitzen dutela. Ez dagokit, agian, hemendik zenbaki edo kasu konkretuetara jotzea baina bai aipatzea, geldi ezina ematen duen neurrian eta holako eraso bakoitza denak ala denak arbuiatzeko motibo delako. Bihoa bada, gaurkoan nabarmendu nahi izan dudan leloa: Ez, ezezkoa da.