URTE asko igaro dira Athleticek azken aldiz titulu bat irabazi zuenetik. Maradona eta enparauen Bartzelona hartu zuten mendean Javier Clementeren mutilek 1984. urtean jokatutako Kopako finalean. Harrezkero, zuri-gorriek ezin izan dute txapelketarik irabazi, hiru-lau aldiz garaipenetik hurbil egon arren. Lehorte luze horri amaiera emateko beste aukera bat dute Ernesto Valverderen gizonek datozen egunetan. Aritz Adurizek argi eta garbi esan du titulu bat irabazteko aukerak ez direla urtero izaten eta gorputz eta arima jarriko dutela Espainiako superkopa irabazteko. Ondo dago eta txalogarria da zuri-gorrien amorrua Bartzelonaren aurkako finalera begira. Kontua da, baina, Athleticek Europa Leagueko kanporaketa jokatuko duela egun gutxira eta pragmatikoak izanda, talde zuri-gorriak Zilinaren aurkako kanporaketa lehenetsi beharko luke superkoparen aurrean.
Lehentasunak jartzeak, ordea, ez du esan nahi Bartzelonaren aurkako finala aldez aurretik galdutzat jo behar denik. Seguru nago, Ernesto Valverdek bere gizon onenak jarriko dituela ostiralean San Mamesen eta arriskatu egingo duela garaipena eskura-tzeko asmoz. Hortik aurrera eta joaneko partiduan lortutako emaitzaren arabera aztertu beharko litzateke zelan ekin itzuliko partiduari.
Bartzelona Athleticen oztopo nagusia izan da berriro ere titulu bat eskuratzeko borrokan. Izan ere, zuri-gorriek hiru final galdu baitituzte blaugranen aurka azken urteetan. Gainditu ezineko horma ematen du. Aritz Adurizen hausnarketekin jarraituz, garbi dago Bartzelona egun dagoen futbol talderik onena dela eta Athleticentzat ezezik, benetako borreroa bilakatu dela edozein aurkarirentzat. Hortxe daude azken denboraldian lortutako txapelak. Kontuak kontu, ez dut uste superkopako finalak ilusio handiegirik sortu duenik Athletic zaleon artean. Egia esateko, danok gaude Europa Leagueko kanporaketaren zain multzoen faserako txartela eskura-tzeko eta Liga txapelketako lehen jardunaldian Athleticek eta Bartzelonak San Mamesen jokatuko duten partidura begira.
Denboraldi hasiera gogorra du aurretik Ernesto Valverderen taldeak eta UEFA Europa Leagueko lehen kanporaketa horren goiz jokatu behar izanak goitik behera baldintzatu du aurredenboraldia. Beste era batera esateko, eta Adurizek aitortu bezala, taldeak gauza asko hobetu behar ditu oraindik. Gainera, zuri-gorriek ez dute zorterik izan lesio kontuetan, gizon garrantzitsuak lesionatu egin direlako, Muniain ere taldetik at dagoela ahaztu barik. Athleticek Ander Iturrasperen bertsiorik onena behar du eta Abadiñokoak izan duen zuntz hausturak kalte egin dio Valverderen taldeari. Gauza bera esan dezakegu Mikel Rico eta Iñaki Williamsen gainean. Aurreko urtean bezala, Valverderen taldeak ez du arriskurik sortzen hegaletatik eta lehenbailehen behar ditu Williamsen abiadura, indarra eta zorroztasuna. Alde horretatik, berriz diot Sabin Merinoren ekarpena ere interesgarria izan daitekeela, Iñigo Lekue gaztea ere ahaztu gabe. Eta ez da baztertu behar Valverdek zelai erdian zelairatzea Oscar De Marcos, atzealdeko eskuinaldea Eneko Bovedari utzita.
Hogei egun geratzen dira jokalarien merkatua ixteko eta oraindik ez dago garbi non jokatuko duten Athleticeko jokalari batzuk. Iñigo Ruiz de Galarreta, Guillermo Fernandez eta Sabin Merino egoera horretan daude. Unai Lopez eta Guarrotxena Zigandaren aginduetara ariko dira eta Unai Bustinzak Leganesen jokatuko du. Lezamako harrobiko mutilak dira guztiak eta aurten Athleticen ez dutenez jokatuko ematen du dagoeneko ez dutela balio lehen mailarako. Mutil gazteak dira, gaitasun handikoak eta odol zuri-gorria dute zainetan. Athleticen etorkizuna horixe da. Ez dezagun okerreko bidea hartu.