ESKOLAKO antzezpena prestatzean disfrutatu egin du umeak, baina uko egin dio plazerari. Gozatu ederra hartzen du pertsonaiaren berbak bere egiten, baina uko egin dio. Orduak emango zituen pertsonaiaren janzteko modua nolakoa zatekeen irudika-tzen, eta gero etxeko arropa zaharrekin mozorroa prestatzen. Gurasoak zaletasuna gara zezan saiatu dira, baina alferrik izan da. Antzezpenaren bezperako goizean esan die hurrengo egunean ez dela eskolara joango, eskolako antzerki-taldea utzi egingo duela. Txaloen beldur da.

Gurasoek ez dutela ulertzen esan diote.

Sekula ez zaizkio txaloak atsegin izan. Urtebetetze-festak antolatzeari utzi egin behar izan zioten gurasoek, lagunak abesten hasi orduko alde egiten baitzuen umeak. Futbolean nahita huts egiten zituen taldekideek erraz jarritako golak. Umeak ez du ulertzen zertara datozen algara horiek, adibidez, berak erabaki ez zuen unean jaiotze hutsagatik. Umeak ez du ulertzen zergatik merezi dituen berak txaloak baloia sareetara sartzeagatik, eta ez baloia bere oinetan jarri zuten taldekideek.

Eta ulertzen ez duena beldurgarria zaio. Mesfidantza sortzen diote onartze hutsarekin konformatzen diren bere eskolako kideak, beren helburuak jasotako txaloen intentsitatearekin neurtzen dutenak. Beldurgarriak zaizkio zurikeriaren txaloak jotzen dituztenak, irribarre merkearekin arrakasta eta porrota eskuak astinduta erabakitzen dutenak.

Umea telebistaren aurrean jarrita, adi-adi ikusten ari da albisteetako irudiak. Enegarren politikaria azaldu da, irribarretsu, bere alderdiko kideen txaloen artean oholtza gainera igotzen. Eskuekin keinu egin die hizketan hasteko unean, txaloak baretzeko eskatuz bezala. Ez da erraza lehen txaloa jotzea jendartean zaudenean; ez da erraza azken txaloa noiz eman behar den asmatzea. Gutxi axola du zer esango duen: aldez aurretik irabazita dauzka txaloak.

Umeak ez duela ulertzen esango lieke gurasoei, baina zertarako? Bera da losintxa merkeen hizkuntza uler-tzen ez duen bakarra.