bRASILEN izan dute ideia. “Garagardo feminista” izenez etiketatutako garagardoa merkaturatu dute eta botila berria ezagutzera emateko publizitatea da “ezberdin” egin dutena. Garagardoaren kontsumitzailea jada ez da taberna ilun baten sakonean emakume pinpirinez inguratutako tripa lodidun gizonezko baten irudia agertuko. Emakumeek ere gustuko dute garagardoaren zaporea, emakumeek ere kontsumitzen dute, nahiz eta emakumezkoen % 65ak ez duen bere burua ordezkatua ikusten garagardoa saltzeko erabiltzen den publizitatean.
Eztabaidarako gaia mahai gainean jarri dute, beraz. Euren asmoa horixe izan baita. Garagardo feminista mahaira edo barrara ateratzen den bakoitzean, berdintasunerako beharrezkoak diren keinuez hitz egin araztea. “Derrigorrezkoa da gaiaz hitz egitea, ezin da ekidin” esan dute publizitate berria egituratu duten sortzaileek.
Eta eztabaida mahai gainean dago, egon: “Berdintasunak zer suposatzen du, gizonezkoenak diren gauzak emakumezkoek ere errepikatzea? Zuek zuena eta guk gurea izatea?”.
Kritikak kritika, erdibana nola eta noiz egin behar den hori oso zaila egiten zaigu asmatzen.
Mostrarako, aste honetan bertan gertatutakoa: datorren maiatzaren 10ean Enpresen Karrera antolatu du Adegik. Berton, enpresa bakoitzeko nahi adina launako taldek parte har dezake eta aukerak hauek dira: gizonek gizonekin egin ditzakete taldeak, emakumeek emakumeekin, edota posible da baita ere talde mixtoak aurkeztea.
Enpresa batean, hiru talde osatu dira: bi gizonezkoenak eta bat emakumezkoena. Gizonezkoen taldeko bat saiatu da emakumezkoak zuritzen, emakumezkoen taldean joan beharrean, gizonezkoekin bat egin eta talde mixtoak osatzea: “izan ere, guk ez dugu behar beste entrenatu eta, hartara, zuekin, ez gara ebidentzian geldituko”.
Argi dago, bada, garagardo feminista ugari kontsumitu beharko dugula benetako berdintasunaren egarria aseko dugunerako.